Idiazabalgo eta Segurako mendizaleak Illarragorrira joango dira
Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrena ospatzeko ekimena izango da. Ordiziako eta Bergarako mendizaleekin batera egingo dute ibilaldia. Igandean egin dute hitzordua.
Idiazabalgo eta Segurako mendi taldeek bat egingo dute asteburu honetarako Euskal Herriko Mendi Federazioak bere mendeurrena ospatzeko antolatu duen 100 urte 100 mendi ekimenarekin. Goierriko beste mendi elkarte batzuek egin duten moduan, Idiazabal eta Segurako elkarteek mendi irteera antolatu dute Illarragorri (1.118 metro) mendira. Ordiziako mendizaleekin eta Bergarako Pol Pol eta Alpino Gorla elkarteekin batera igoko dute gaina.
Illarragorri edo Irumuga mendia Altzania mendilerroan dagoen mendi arabarra da. Bertan bat egiten dute Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeek. Arbarain ere deitua, Aguraingo Kuadrillako Asparrena, Goierriko Zegama eta Sakanako Ziordia bereizten ditu.
Igandean 8:00etan egin dute hitzordua Idiazabalgo plazan. Elkartetik adierazi dutenez, “Ilarduiako (Araba) Leze ingurutik abiatuta, Illarragorrira” joango dira; tartean, Koloxka zuloa bisitatzeko aukera baliatuko dutelarik. Ibilaldiak bospasei orduko iraupena izango duela aurreratu dute. Behin Illarragorriko gainera igota Idiazabal, Segura, Ordizia eta Bergarako mendizaleek elkarrekin taldeko argazkia aterako dute “mendi federaziora bidaltzeko”.
Goierriko beste mendi elkarte batzuk ere bat egin dute asteburu honetako ekimenarekin. Goierriko Mendizale Beteranoak taldea Perriain (1.121 metro) mendira joango dira bihar; Zegamako Amezti mendi elkartekoak Aketegi aukeratu dute. Hasiera batean biharko egina zuten hitzordua, baina eguraldi iragarpenak tarteko igandera atzeratu dute azkenean, irteera. Amaitzeko, Legazpiko Izadi Zaleak elkartekoak Irimora joateko deia egin dute, etzi.
Hona hemen, Idiazabalgo Kirol Elkarteak Euskal Herriko Mendi Federazioaren historiaren inguruan helarazitako testua: