Oianguko hainbat pilotari GRABNI txapelketako finalerdietan
22 urtez azpiko kategorian Xabier Naldaiz olaberritarra eta Aratz Elorza ordiziarra ariko dira Gipuzkoa ordezkatzen, eta nagusien kategorian, berriz, Beñat Ibarguren lazkaotarra eta Zuhaitz Letamendia ordiziarra.
GRABNI txapelketako ligaxka bukatu da, eta asteburuan finalerdiak jokatuko dira Errioxako eta Nafarroako pilotalekuetan. Oianguko hainbat palari ariko dira Gipuzkoa ordezkatzen. Nafarrak zuzenean pasa da finalera palako modalitate eta kategoria guztietan.
Iker Larrarte bidaniarrarekin batera, Xabier Naldaiz olaberritarra eta Aratz Elorza ordiziarra Arnedon ariko dira bihar lehian, 22 urtez azpiko kategorian. Nagusien kategorian, Beñat Ibarguren lazkaotarrak Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatuko du bihar, eta Zuhaitz Letamendia ordiziarrak Logroñon igandean.
Palan nafarrak dira nagusi. Larruzko paletan, pala motzean zein pala luzean, kategoria guztietan, finalerako txartel zuzena eskuratu dute nafarrek. Finalerdi guztiak Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artekoak izango dira. Arabarrek eta errioxarrek ez dute ordezkaririk izango finalerdietan.
Ordiziako jaietako txapelketa
Ordiziako Santa Ana jaiei begira antolatuko den 20. gomazko txapelketarako izen ematea ireki dute. Telefono bidez 636 60 90 10 zenbakira deituta edo oiangupilota@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Azken eguna maiatzaren 5a izango da.