Nahia Garrido, laugarren Atenaseko bizkar igeriketako 200 metroko proban
Nahia Garrido igerilari urretxuarra Greziako hiriburuko Acropolis Swim Open lehiaketan parte hartzen ari da, Espainiako selekzioarekin. Gaur hasi da eta igandean bukatuko da. Gaur, bizkar igeriketako 200 metroko proban parte hartu du. Goizean finalerako sailkatu da eta arratsaldeko finalean laugarren postua eskuratu du. Garrido 2007koa da eta lehen hiru sailkatuak bera baino zaharragoak dira. Irabazlea, Kylie Masse kanadarra, 1996koa da. Bigarren sailkatua, Africa Zamorano espainiarra, 1998koa. Eta hirugarren sailkatua, Sudem Denizly turkiarra, 2005ekoa. Bosgarren sailkatua bere adinekoa da, Marianna Fardella greziarra, eta urretxuarrak bost segundo baino gehiago atera dizkio.
Garridok bizkar igeriketako 100 metroko proban eta estiloetako 200 metroko proban ere parte hartuko du. 17 igerilari joan dira Espainiako selekzioarekin. Besteak beste, Mireia Belmonte Olinpiar Jokoetako eta munduko txapelduna. Garrido euskaldun bakarra da.
Atenaseko proba Espainiako Opena prestatzeko baliatuko dute. Espainiako Opena ekainaren 18tik 22ra egingo dute eta bertatik aterako dira Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten igerilariak.