Ezkurreneko etxebizitza sozialen proiektua zehazteko fase berri batean sartu da udala
Eraikin horretan etxebizitza sozialak egitearen alde agertu dira legazpiarrak, udalak egindako inkesta batean. Hurrengo astean eraikina ezagutzeko aukera izango da, eta ondorengo saioetan etxebizitzen izaera eta ezaugarriak zehaztuko dira.
Patrizio Etxeberriaren pentsio oihan edo Ezkurrenean etxebizitza sozialak egitearen alde agertu dira legazpiarrak, udalak proiektu hori zehazteko martxan duen parte hartze prozesuan jaso denez. Inkesta bat egin du eraikinaren edukia eta funtzioa zehazteko, eta erabilera horren aldekoak agertu dira bertan legazpiarrak.
Datorren astean proiektuaren hurrengo faseari ekingo dio, eta bilera irekiak egingo dituzte eraikinean bertan, etxebizitza horiek izan beharreko izaera, espazioaren diseinua, antolaketa eredua eta sarbide baldintzen inguruko lanketa egiteko.
Lehen saioa maiatzaren 8an, asteazkena, izango da 17:00etan, Ezkurrenean bertan. Ate ireki formatuan planteatu dute saioa, eta eraikina eta horrek eskaintzen dituen aukera espazialak ezagutzeko izango da. Herritar guztiak gonbidatu ditu udalak bertara, baita hurrengo saioetara ere. Maiatzaren 15ean, 23an eta 29an izango dira, horiek ere Ezkurrenean eta 17:00etan.
Inkestaren emaitzen berri emateko eta fase berriaren hasiera iragartzeko Ezkurrenean bertan egin dute agerraldia Josu Santurde gizarte gaietarako zinegotziak eta Nerea Arregi udaleko Gizarte Zerbitzuetako buruak. Agerraldian, Santurdek azaldu duenez, pentsio zaharra hartzen zuen eraikinaren zati bat bakarrik hartuko du Ezkurrenea proiektuak, eta bertan, bost solairutan banatuko diren etxebizitzak eta beheko solairuan, besteak beste eguneko arretarako zentroa jasoko duten aretoak izango dira.
Inkestaren emaitzak
Legazpi mailan etxebizitza beharren inguruan eta Ezkurrenea eraikinean garatu nahi den etxebizitza publikoen proiektuaren inguruan zabaldutako galdetegiari 96 pertsonek erantzun diote. Horietatik %59,5 emakumezkoak dira, %37,5 gizonezkoak eta %2 ez bitarrak. Erantzun zutenen gehienak 65 urtetik gorakoak dira, %37,5eko parte hartzearekin, eta gainontzeko adin tarteen parte hartzea nahiko orekatua izan da. Bestalde, erantzun zutenen %33 pentsionistak dira, eta %12 ikasle eta langabe profilekoak. Partaideen %26 gurasoen edo familien etxean bizi dira, eta %7 bakarrik bizi dira alokairuan, jabetzan etxebizitza dutenen %53arekin alderatuta. Emantzipazioari dagokionez, %11k emantzipatzeko behar handia duela adierazi du.
Etxebizitzaren auziari buruz, bestalde, arazo nagusiena alokairuko etxebizitzen prezio altua dela esan dute inkesta erantzun dutenek, eta ondoren, erosketara bideratutako etxebizitzen prezio altua eta alokairuko etxebizitzen gabezia ere aipatu dituzte. Etxebizitzen irisgarritasunaz, etxebizitza hutsez eta etxebizitzen konfortaz galdetzean, %26-27k arazo bat direla adierazten du.
Amaitzeko, Ezkurrenea eraikinean alokairu publikoko etxebizitzak garatzea ideia aproposa iruditzen zaiela esan duten %73k, eta %64,5ek beraien arazoari irtenbidea emateko aukera egokia izango litzatekeela uste dute.