Jende ugari batu da Seguran inklusioaren aldeko aterkipean
Arteria Goierriko sormen lantegiak 2022an saritutako proiektua izan zen Itziar de la Granja artista zegamarraren Inklusioaren aterkia. De la Granja berak, Goierriko Hitzan azaldu duenez, «harreman sozialak saretu eta bazterrean daudenentzako nolabaiteko aterki bat sortzea da helburua, bertan aterpe bat izan dezaten, transmisio moduetan sakondu eta elkarri begiratzeko beste modu bat bilatzeko».
Goierriko herri ezberdinetako elkarte eta eragile desberdinen artean elkarlanean eskultura komunitario bat sortzea da helburua, eta horregatik proiektua ibiltaria da. Eskultura zumezko aterki bat izango da, zortzi hirukiz osatua. Dagoeneko hainbat herritatik igaro da eta, orain arteko azken geldialdia Seguran egin zuen pasa den ostiralean. Herriko norbanako era elkarte zein eragile ezberdinak bildu ziren zumezko hirukia osatzera.
Behin zortzi hirukiak eginda Ormaiztegin egingo dute aterkiaren lehendabiziko instalazioa. Udal gehiagok interesa agertuko balute, baliteke aterkia herriz herri mugitzea.