50. urteurrena ospatuko du Urdaneta Ikastetxeak larunbatean
Ia 1.000 lagun elkartuko dira paella erraldoirako, frontoian. Bihartik maiatzaren 8ra arte, ibilbidearen errepasoa egiteko erakusketa jarriko dute D'elikatuzen.
Urdaneta Ordiziako Euskal Eskola Publikoak 50 urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, larunbaterako egun osoko plana antolatu dute ikastetxeak eta Urdanetarrak guraso elkarteak elkarlanean. Jolasak, emanaldiak, omenaldiak eta bazkaria izango dira.
Aurrena, ikastetxearen ibilbideari errepasoa egiteko erakusketa jarriko dute ikusgai bihartik maiatzaren 8ra arte. Larunbatean, berriz, 10:30ean ekingo diote egitarauari. Jolasak eta tailerrak izango dira 12:00ak arte, Arboledan, Gudarien etorbidean eta Barandiaran plazan, adinka banatuta.
12:15etik 12:45era, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte Barandiaran plazan. Ondoren, Publikoa ai do kanta (Ordizian ekainaren 2an izango den Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren abestia) dantzatu eta abestuko dute. 12:45etik 13:15era, 2023-2024 ikasturtean jubilatu direnak omenduko dituzte.
14:00etan paella erraldoia izango da frontoian, 50 urteetan eskolako parte izan diren ikasle, irakasle, guraso eta langileekin. Ia 1.000 lagun elkartuko direla iragarri du Urdanetarrak-ek. Bazkalostean, Andoni Ollokiegik alaituko du giroa.
Boluntarioak
Larunbateko ospakizun eguna ondo atera dadin, boluntarioak behar dituzte. Bazkaria banatzen, mahaiak jartzen, argazkiak ateratzen…lagundu nahi dutenek hemen eman dezakete izena.