Herriarteko Pilota Txapelketarako talde «polita» osatu du Beasainek
Asteburuan hasiko da Herriarteko Pilota Txapelketa eskuzko modalitatean. Beasainek Tolosa hartuko du etxean, eta Zaldibiak, berriz, Idiazabal; biak ostiralean izango dira.
Beasainek Herriarteko Pilota Txapelketan eskuzko modalitatean parte hartzeko taldea osatu du. Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte kategoria desberdinetan parte hartuko duten pilotariak, Antzizar kiroldegian. 2018 urtetik ez dute herriartekoan jokatu.
Tolosaren aurka jokatuko dute lehenengo partida, etxean. Ostiralean, 19:15ean hasiko da herriarteko lehia, Beasaingo Antzizar kiroldegian. Kadete, jubenil eta senior mailatan jokatuko dute. Gazteenak hasita jokatu izan da orain arte, baina aurten aldaketa txiki bat izango da. Jubenilek jokatuko dute lehenengo, seniorrek ondoren, eta kadeteek azkenak.
Talde «polita» osatu dute beasaindarrek, beste urte batzuetan baino partaide «gehiagorekin», eta horrek, lesioren bat izaten bada «abantaila» eta «lasaitasuna» suposatuko die. Kadeteetan hiru pilotari izango dituzte; Julen Goikoetxea eta Alain Goikoetxea bikiak eta Iker Sanchez. Jubeniletan, beste hiru; Unax Madina, Julen Ariztimuño, eta Oier Landa. Eta seniorretan, berriz, lau pilotari izango dira; Beñat Azketa, Aimar Usabiaga, Iñigo Suarez eta Beñat Garmendia.
Herriartekoak duen gauza politenetako bat da, partidak eta gero, etxeko taldeak afaria antolatzen duela beste taldearentzako, errugbian hirugarren denbora izaten den bezala. Beasaingoek, beraz, afaria prestatzeko ardura izango dute ostiral honetran, eta tolosarrak izango dituzte gonbidatuak, pilotalekuan indarrak neurtu ondoren.
Idiazabal eta Zaldibia
Eskuzko modalitateari maiatzaren 5eko asteburuan emango zaio hasiera, final-hamaseirenekin. Kanporaketak joan-etorrikoak izango dira. Aurreratu bezala, Beasainek Tolosaren aurka jokatuko du. Baina Goierriko beste bi talde gehiago ere izango dira lehian; Idiazabal eta Zaldibia. Hain zuzen ere, elkarren aurka jokatzen hasiko dute txapelketa. Lehenengo partida ostiralean, izango da, Zaldibiako Resti pilotalekuan, 18:00etan. Sarrera doan izango da, eta sari bat zozkatuko dute egunean bertan boletoak erosten dituztenen artean. Taberna jarriko dute frontoian.
Bederatzi pilotariz osatutako taldea du Zaldibiak Herriartekorako: Kadeteetan Aetz eta Lide Lopez, Suhar Mantzizidor eta Beñat Arrese; Jubeniletan, Aratz Aranburu eta Jokin Mendizabal; eta seniorretan Jon Mendizabal, Aitor Elizegi eta Alex Sukia.
Gainontzean, Adunak Azkoitiaren aurka jokatuko du, Amasa-Villabonak Bergararen aurka eta Amezketak Oñatiren kontra. Altzoren kasuan, final-zortzirenetan hasiko du bere bidea, maiatzaren 19ko asteburuan, eta bere aurkaria Zaldibia eta Idiazabalen arteko norgehiagokaren irabazlea izango da.