Lazkaoko Pilota Txapelketa Herrikoia Jon Zeberiok eta Ander Garmendiak irabazi dute
Final lehiatua jokatu dute Unai Bereziarturen eta Joseba Barandiaranen aurka; azken unean, iraultzeko zorian izan dira txapeldunordeak. Bigarren mailako finala Axier Alonsok eta Jon Galarragak irabazi diete Beñat Bereziarturi eta Mikel Falconi.
Lazkaoko festetako ekitaldi herrikoi ikusgarrienetako bat atzo iluntzean jokatu zuten, zortzi pilotari zaletuk. Lazkaoko Pilota Txapelketa Herrikoiaren bi final izan ziren, plazako pilotalekuan, ikusle mordoaren aurrean. Goi mailako jokoa erakutsi dute bi norgehiagoketan, eta batez ere maila nagusiko finala –jaialdiko bigarrena– bereziki luzea, gogorra eta lehiatua suertatu zen.
Jon Zeberio eta Ander Garmendia lehengusuek irabazi dute txapelketa. Txapelak oso garesti saldu zituzten Unai Bereziartu eta Joseba Barandiaran urdinek. 22-19 geratu zen azken emaitza.
Urdinak aurreratu ziren, 0-1, baina partida osoan gorriek eduki zuten nagusitasuna markagailuan. 10-6, 14-8, 16-11 eta 19-15 aurretik izan ziren. Garmendia atzelariaren ezker beso ahaltsuak desorekatu zuen jokoa, gorrien alderako. Hura nekatu ahala, eta Bereziarturen eta Barandiaranen sasoi miragarria eta kolpe distiratsua azkenerako goi-goian mantendu zituztenez, 19na berdintzea lortu zuten. Ikusgarritasuna, azken uneraino.
Baina Garmendiak ezkerrez ebatzi zuen, bukaeran ere. Atzera luze jo ondoren, edonolako jokaldien gama atera zuen: biparetak, dejadak txokoan eta mozketak zabalera, txapeleraino.
Aurretik, txapelketa berean bigarren maila-edo bereizitako lehiaketako finala jokatu zuten. Axier Alonsok eta Jon Galarragak 22 eta 9 irabazi zieten Beñat Bereziarturik eta Mikel Falconi.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea