Loreak, perretxikoak, gozoak eta urteko lehen gereziak, asteartera aurreratutako feriaren izarrak
Eguna aldatu delako postu batzuk falta zirela, apirileko azken feria egin da gaur Ordizian, eta eman du honek zer kontatu, produktu berri batzuk iritsi direlako. Bisitariak ere ez dira faltatu, eta eguraldiak lagundu du.
Askotan entzuten da Ordizian asteartera aurreratutakoa feria galdua izaten dela, baina gaurkoa ez da horrelakoa izan, postu batuk faltan izan diren arren, berritasun batzuk ere iritsi direlako, baina ez baratzetik. Loreak, perretxikoak, gozoak eta gereziak izan dira gaurko berritasun horiek, eta feria berezi honetako izarrak.
Eguraldia ere lagun izan da apirileko azken honetan, eta goizean goiz jende askorik ez bazebilen ere, eguerdi aldera inguratu da gehiago plaza aldera eta herriko erdigunera. Bisitariak ere izan dira, Hondarribitik etorriko gazte batzuk horien artean, Talaia institutuko ikasleak, hain zuzen. Jubilatuak ere ibili dira bisitan, D´elikatuz zentroko gidarien laguntzarekin. Orregatik eta ingurutik iritsitako 45 inguru jubilatu.
Sortak egiteko loreak
Loreekin hasita, gaur lore moztuen eta lore sorten eguna izan dela esan behar da. Maria Dolores Mendizabalek zituen salgai, mota askotakoak: betilorea (sorta 12 euroan), astromedia (10 euroan), krabelina (15 euroan), eta kolore askotako margaritak (10 euroan).
Mendizabalek esan duenez, asko jaitsi da lorea moztuak erosteko ohitura, baina oraindik badira horretan zaletuak, eta tarteka gustatzen zaio Ordiziako postura batzuk eramatea. Araman Urretabizkaia lore mintegian duenaren lagin bat besterik ez da gaurkoa. Han ere hartzen ditu erosleak.
Aramakoak dira, baita ere, lore sortak saldu ohi izan dituzten Zurutuza ahizpak, eta horiek ere bazituzten gaur aukeran, besteak beste kalekin eta irisekin osatutakoak, sorta bakoitza 5 euroan.
Lore bizietan, berriz, hortentsia aipatu behar da, hori ere berria delako plazako eskaintzak. Monteseko Arantxa Iparragirrek zuen salgai, morea eta granatea, 20 euroan bakoitza.
Marasmio jangarriak
Perretxikoen atala, bestalde, pobre egon da saltzaileen aldetik, Mikel Lasa bakarrik izan delako. Gaur perretxikoz bete zuen postuaren zati handi bat, eta horien artean marasmio jangarria zegoen. Hiru kilo zituen, kiloa 30 euroan.
Gainera, 60 kilo ziza ere eskaini ditu, gaur aurreko astean baino zerbait garestiago, kiloa 40 eta 60 euro artean, hain zuzen. Gaurko perretxiko eskaintza 35 kilo onddoekin (kiloa 36 euroan), eta 20 kilo ziza horiekin (kiloa 26 euroan) osatu du.
Gozo eskaintza handituz doa
Badira hilabete batzuk Astigoxo gozogileak azokara etortzen hasi zirela, eta aldiro berrikuntzaren bat sartzen dute haien eskaintzan. Susanne Klemm egoten da normalean posturen kargu, eta gaur tarta berri bat aurkeztu du, bere jatorriei keinu bat eginez. Izan ere, Astigarretan bizi bada ere, alemaniarra da, eta han nahiko ohikoa den barazki batekin egin du tarta hori, arabarbarekin. Asigarretan duen baratzean hazitako barazkia da, eta postuan zuen ikusgai, hemen ez baita oso ezaguna. Alemanian, berriz, asko erabiltzen omen da gozoak eta freskagarriak egiteko.
Arabarba tarta hori osorik edo zatika zuen salgai, tarta osoa 30 euroan, eta errazioa 3,5 euroan. Oinarrian bizkotxo arrunta zuen, eta pastel krema gainetik. Goialdean, azukrearekin egositako arabarba zuen. Berez mikatza dela esan du Klemmek, baina gozoarekin egiten duen kontrastea oso interesgarria dela.
Astigoxoren postu honetan beste tarta, bizkotxo eta gaileta batzuk ere bazituzten salgai, denak prezio berean (30 euro osorik, 3,5 euro zatia): laranjazkoa, azenarioduna, gazta eta gereziduna, tiramisua, jogurt eta mandarina moussea, sagar eta mahats pasaduna… Gailetak, limoizkoak eta txokolatezkoak, hiru 2 euroan saltzen dituzte.
Lehen gereziak
Kanpoko fruten atala ere oso emankor dago azken asteetan, eta aurrekoan nektarina iritsi bazen, gaurkoan albertxikoak eta gereziak iritsi dira, denak Espainiatik. Nektarinak (kiloa 4,5 eta 6,9 euro artean) eta albertxikoak (4,5-6,9 euro) Murtzia aldekoak dira, eta gereziak (7,95-9,9 eur0), Lleidakoak eta Jerteko haranekoak.