Udaberria Transloratzen, gizartea transformatzeko
Udaberria Transloratzen zikloaren 4. edizioa aurkeztu du Ordiziako Udalak. Maiatzaren 3tik ekainaren 13ra hainbat ekintza antolatu dituzte. Euskal trabestien show-a izango da maiatzaren 17an.
Ordiziako Udalak duela lau urte sortutako Udaberria Transloratzen zikloaren 4. edizioa aurkeztu du gaur. Aniztasuna aldarrikatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte maiatzaren 3tik ekainaren 13ra bitartean. Gizartearen begirada transformatzea eta errealitate ezberdinei lekua egitea du helburu zikloak.
Ainhoa Jimenez berdintasun eta aniztasun zinegotziaren hitzetan, “ziklo eraldatzailea” da. Duela lau urte ekin zion udalak egitasmoari. Trans errealitateari ikusgarritasuna ematea zuten helburu, horren bidez gizartea transformatzeko. “Transexualitatearen gaiaz gain, gizartean eragiteko gaiak txertatzen joan gara. Garrantzitsua da bere lekua izatea, plazak hartzea, ikastetxeetan lanketa egitea, hilabete osoan egingo duten moduan. Instituzio eta aretoak hartzea, eta azkenean, gure agendak ere betetzea ekintza hauekin. Gure ardura eta eginbeharra da gizartea transformatzen jarraitzeko baliabideak eskaintzen jarraitzeko”.
Hau da egitaraua:
- Maiatzak 3: Zinegoak-eko filmen emanaldia, Herri Antzokian, 19:30ean. Emakume sortzaileak.
- Maiatzak 8: Gazteak eta pornografia, nola eragin alarmismoaz harago mahai ingurua, udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean, Ibai Fresnedorekin eta Josebe Iturriozekin.
- Maiatzak 17: LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguna. Euskal trabestien show-a 20:00etan, Plaza Nagusian.
- Maiatzak 22: Gu ere bagara erakusketa eta hitzaldia, 18:00etan, Barrenan. Ines Bermejoren eta Julen Nafarreteren eskutik, Getxoko LGTBIQ+ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak.
- Hilabetean zehar: Bizi testigantzak DBH3ko ikasleei. Tailerrak Eder Iturralderekin.
- Maiatzaren 29tik ekainaren 14ra: Ni naiz naizena erakusketa Barrenako sarreran.
- Ekainak 5: Julen Gorosabelen Maitemina eta Mikel Uribelarrearen Gorputz txiki batean jaio nintzen liburuen aurkezpenak, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan.
- Ekainak 6: Naizen elkartearen hitzaldia Barrena Jauregian, 18:00etan.
- Ekainak 13: Erreka Mari antzerkia Herri Antzokian, 19:30ean.
Udalak herritarrak deitu ditu ekintzetan parte hartzera, “gizartean dauden errealitateak ikusgarri jartzera”.