Gorka Nuñez prestatzaile fisikoa Ordizia errugbi taldera itzuliko da
Ordizia Rugby Elkarteak jakinarazi duenez, azken bost urteetan ardura izan duen Arturo Rivasek ez du taldean jarraituko. Esker ona agertu diote.
2024-2025 denboraldiari begira aldaketak iragarri ditu Ordizia Rugby elkartekoak. Prestatzaile fisiko postua Gorka Nuñez beasaindarrak beteko duela iragarri dute ohar bidez. Honela, azken bost urteetan “lehendabizi jokalari eta gerora prestatzaile fisiko eta entrenatzailearen laguntzaile izan den Arturo Rivasek ez du aurrerantzean klubaren diziplinan jarraituko”.
ORE-ren oharraren arabera, “denboraldi berriari begira prestaketa fisikoaren talde buru lehen ere gurekin jardundako Gorka Nuñez beasaindarra izango dugu, berarekin taldea osatuko duten beste pertsonak, hemendik denbora laburrera emango ditugularik ezagutzera”. Errugbi taldea “ziur” dago, Nuñezek “Ordizia Rugby Elkartea lehiakortasun maila gorenera eramaten lagunduko digula”.
Arturo Rivasi eskerrak
Ordizia Rugby Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkio Arturo Rivasi, “Klubarekiko eta kideekiko beti izan duen profesionaltasuna eta gertutasuna bereziki eskertuz, Ordizian eta Goierrin egin dituen lagun mordoa bere gizatasunaren seinale, eta hemendik aurrera bere bide profesional eta pertsonalean onena desio diogu”.