Udalbatza txikiak agintzen du Legazpiko jaietan
Eric Galvez alkateak atzo eman zien aginte makila udalbatza txikiko kideei. Jaietako hainbat ekitalditan parte hartuko dute, atzo bertan txirrindulari lasterketaren sari banaketan eta haur eta gazteen danborradan izan ziren.
Udaletxe ingurutik Doinua Musika Eskolako gazteen bandarekin kalejira labur bat egin eta gero, Eric Galvez Legazpiko alkateak aginte makila eman zien atzo eguerdian Urbeltz pilotalekuan udalbatza txikiko kideei. Haren ondoren, hainbat ekitalditan parte hartuko dute udalbatza txikiko kideek, eta atzo bertan, Santikutz Klasikoaren sari banaketan izan ziren eta arratsaldean, haur eta gazteen danborradan.
Hauek dira udalbatza txikiko kideak: Lola Conforti alkatea eta Enara Vizcay, Joanes Altzelai, Urko Rebollar eta Miren Josebe Maniega zinegotziak.
Bestetik, haur eta gazteen danborradako generala Aitzol Ugarte izan zen, Jone Retegi kantinera eta zuzendariak Lander Sanchez, Ane Altzelai, Iker Gonzalez, Igor Andueza, Ekhi Saenz de Nanclares eta Eider Carballo.