Gaintzan ardi larruak bide alboan utzi dituztela berriro salatu dute
Ardi larruak azaldu dira Gaintzarako GI- 3371 errepide bazterrean botata, bigarren kilometro inguruan. «Zaku mordoxka» bat utzi ditu norbaitek, Gaintzako Udalak salatu duenez. Ez da lehenengo aldia, iaz ere antzera agertu baitziren.
Udalak gogorarazi du artilea jasotzeko araudi bat dagoela, eta egun hondakin tratamendua duen produktutzat hartzen denez, ezin da edozein moduz utzi. Gaintzan iaztik hasi ziren «portaera desegokiak» sumatzen: «Artilea udazkenera arte gorde eta dagokion tasa ordaintzea saihestuz, artaldea moztu eta berehala Gaintzako errepide bazterrean zakuak botata utzi zituzten. Aurten ere bide berdinetik jo du artalde jaberen batek».
Elkarbizitza arauak
Udalak foru aldundira ere eraman du afera; egilea identifikatu eta dagozkion kalte-ordainak ordaintzera behartuko duen prozedura abian jarri du aldundiak.
Elkarbizitza arauak betetzeko, eta guztienak diren inguruak eta artzainen izen ona ez zikintzeko eskatu dio zakuak han utzi dituenari, aldi berean, udalak.