Iratzarri emakume elkarteak eta Javier Iraetak Olaria saria jaso dute
Legazpiarrak jaietako egun handia ospatzen ari dira: Santikutz eguna. Goizean ezpata dantza egin dute eta Olaria saria banatu dute. Olaria saria herriaren alde ko lanean nabarmendu den elkarte edo bizilagun bati ematen diote. Aurten, Iratzarri emakume elkarteak eta Javier Iraetak jaso dute. Iratzarrik lan handia egin du herriko emakumeen alde eta Iraeta Andraitz saskibaloi taldeko alma materra da. Horretaz gain, zinegotzia izan da urte askotan. Olaria saria banatu ondoren, soka dantza, zinta dantza eta larrain dantza herrikoia egin dituzte. Gainera, herritar talde batek danborradarako egin duen karroza ikusgai egon da. Txillidari buruzkoa da. Izan ere, Txillidak hainbat eskultura egin zituen Legazpin eta aurten bere jaiotzaren mendeurrena gogoratzen ari dira.