Goierriko Pentsiodunak Ordizian elkartu dira
"KPIa eta bizitzaren kostua igotzen diren bitartean, bankuek eta energetikoek etekinak biderkatzen" dituztela salatu dute. Bestetik, Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroari bilera eskatu dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Maiatzaren 11n Bilbora edo Iruñera joateko deia egin dute.
Asteleheneroko elkarretaratzea egin dute gaur goizean Goierriko Pentsiodunek Ordizian, “pentsio sistema publiko eta propioa. Gutxienez 1.080 euro. Lan pentsio bizitza duina” lelopean. Amaierako hitzaldian salatu dutenez, “KPIa eta bizitzaren kostua igotzen diren bitartean, bankuek eta energetikoek etekinak biderkatzen” dituzte. “Inflazioak gora egin du berriro azken hilabeteetan, eta apirilean %3,4koa izan da, iazko apirilean baino zazpi hamarren gehiago. Eta hori, batez ere, energiaren eta elikagaien kostuengatik”.
Erosketa-saskiaren prezioen igoera ere “KPIarena baino askoz ere handiagoa da. Eta soldaten eta pentsioen eros-ahalmena hondatzen den bitartean, bankuek eta energetikoek irabazi handiak izaten jarraitzen dute. Espainiako Estatuko sei banku nagusiek (Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankinter eta Unicaja) 6.676,8 milioi euroko irabazia lortu zuten 2024ko lehen hiruhilekoan, 2023ko epe berarekin alderatuta %17 gehiago, ia 1.500 milioi euroko zerga ordaindu arren. Eta, bankuen aldetik eskala txikiagoan bada ere, ez dira atzean geratzen: Laboral Kutxa, 222 milioi euroko irabaziarekin, eta Kutxabank, 122 milioi eurorekin. Bestalde, Iberdrola enpresa elektrikoak ere 2.760 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, %85,5eko hazkundearekin”.
Bilera deia
Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, “Estatuko beste herri eta erkidegoetako pentsiodunen mugimendu eta plataformekin batera, Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroari zuzendutako gutun bat entregatuko dugu Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak eta ordezkariordetzak dauden hiriburu guztietan”. Gutun horretan bilera baten eskaera egiten diote, “oraindik gauzatzeke dauden pentsiodunen aldarrikapenen gaia aztertzeko, betiere pentsio publiko eta duinak izan daitezen.
Gipuzkoaren kasuan, Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak entregatuko du gutuna Gobernuaren Ordezkariordetzan.
Maiatzaren 11n manifestazioak
Azkenik, maiatzaren 11n Iruñean eta Bilbon egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute. “Alternatiba ekosozial justu baten alde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak eta Euskal Gune Ekosozialistak maiatzaren 11n deitutako manifestazioetan parte hartuko du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Iruñean 12:00etan Gaztelu Plazan eta Bilbon 17:00etan Jesusen Bihotza Plazan”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi duenez, “segizio propioarekin parte hartuko” dute, “gure
aldarrikapenak gogoratuz. Izan ere, eredu produktibo eta sozial baten ezinbesteko parte dira, non lana eta pertsonak protagonista izango diren, emakume eta gizon guztiek aukera berdinak izango dituzten, aberastasunaren banaketa ekitatiboa egongo den eta ekosistemak eta bizitza horiek suntsitzen eta merkantilizatzen dituzten interes finantzarioen gainetik babestuko diren”.
Bisita gidatua Martxoaren 3ko erakusketara
Plaza Nagusiko elkarretaratzearen ondoren, Barrena kultur etxera joan dira Goierriko pentsiodunak, bertan dagoen 1976ko Martxoaren 3ko Gasteizko gertakarien inguruko erakusketa ikustera.