Legazpiko mugarrien arteko bira egingo du Izadi Zaleak taldeak
Etapatan banatu du ibilbidea, eta larunbatean izango da lehen etapa. Legazpitik Brinkolara arteko tartea egingo dute, ondoko herriekin muga egiten duten tontorrak igota.
Izadi Zaleak elkarteak Legazpiko mugarrien arteko biraren lehen etapa egingo du larunbatean, maiatzak 11. Garai batean egiten zen ibilaldia da mugena, eta iaz berreskuratu zuten elkartearen 50. urteurrenaren ospakizunak ixteko. Orduan bi etapa egin zituzten mendizaleek, baina ez zuten lortu ibilbide osoa egitea eta mugarri guztiak jotzea, luzeegia zelako. Aurten berriz egingo dute, baina etapa gehiagotan banatuta.
Horrela, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Oñati, Gipuzkoako Partzuergoa, Zegama, Zerain, Mutiloa eta Gabiriarekin Legazpik dituen mugen arteko bira osatuko dute, 53 kilometrotik gorakoa.
Herritarren artean bultzatu nahi duten ibilaldia da, eta udalaren eta mendi federazioaren laguntzarekin mugarriak balizatu nahi dituzte.
Larunbateko irteerarako 07:30ean abiatuko dira elkartetik, eta handik Aizalekura igo, Aztiriara jaitsi eta Otañura igoko dira ondoren. Handik Larrosainera jaitsi, eta Oazurtzaraino joango dira Alustizaingaina, Arripilleta, Oamendi, Arranoaitz eta Ormaikiogaina igarota. Brinkolara Antsumaitzetik jaitsi, eta Legazpira itzuliko dira bukatzeko.