'Azokatik platerera' tailer gastronomikoak egingo dituzte Ordizian
Maiatzaren 15ean, 22an, 29an eta ekainaren 5ean D'Elikatuzen elkartuko dira Anne Otegi sukaldaria eta azokako ekoizleak. Izena eman behar da. Doakoak dira.
Ordiziako azokako produktuak ekoizleen eskutik herritarrengana gerturatzeko ahalegina egingo du Ordiziako Udalak, datozen lau asteazkenetan, Osoa Cookingekin elkarlanean. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “produktuak eta ekoizleak ezagutarazi”, nahi dituzte: “Ekoizleak balioan jarri, beraien aurpegiak ezagutu ditzagun”.
Horretarako Osoa Cookingekin elkarlanean, Anne Otegi sukaldariak, ekoizleak lagun dituela, tailer gastronomikoak antolatu dituzte Ordiziako D’Elikatuzen, datozen lau asteazkenetan, 18:00etan.
Tailerrak doakoak dira, baina izena eman behar da. Izen ematea: 943 88 22 90 – delikatuz@ordizia.eus. Europako Next Funtsen diru laguntzarekin finantzatuko da egitasmo berria.
Tailerrak
- Maiatzak 15. Mamia eta azala. Tolosako Aldaba Zahar baserriko ogi artisaua izango da oinarri. Aldaba Zaharreko ahuntz gazta proteina iturri bilakatuko dute. Aramako goiko Etxeberriko Arantxa Zurutuzaren barazkiek lagunduko dute platera. Ogia, gazta eta barazkiekin tosta berezia sortuko dute, Aldaba Zaharreko Arena izango du laguntzaile Anne Otegi sukaldariak.
- Maiatzak 22. Lurra goxatuz. Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intsaustiren barazki eta lekaleak prestatuko dituzte eta Mutiloako Telleria gazta ere lagungarri izango dute. Mutiloako Odio baserriko Beñat Telleria eta Esanezin taldeko Ianire Aranzabe izango dituzte lagun.
- Maiatzak 29, Fungi e pasta. Mikel Lasaren perretxikoak, Kaxolako Iker Markinezen pasta freskoarekin elkartuko dituzte. Idiazabalgo Abel Goibururen gazta erabiliko dute azken ukitua emateko. Abel Goiburu bera izango da sukalde laguntzaile.
- Ekainak 5, Ezti bidaia. Ataungo Jon Etxeberriaren eztia eta Olaberriko Behieko jogurtarekin osatuko dituzte azkenburukoak. Astigoxoko Susy izango dute laguntzaile.