Legazpiko San Joan bezperako armen alardean parte hartzeko izena eman daiteke
Aurten eskopetari gutxiago aterako dira, legea aldatu delako eta salba armak besterik ezin direlako erabili. Txilibiteroak eta figuranteak ere behar dira.
San Joanei begira hasi da Legazpiko Udala, eta bezperan, ekainaren 23an aterako den armen alarderako izena emateko epea ireki du. Alardean
eskopetari, txilibitero edo figurante gisa parte hartu nahi dutenei deia egin die udalak. Kultur Etxeko sarreran eman behar da izena, hilaren 30era arte, edo www.legazpi.eus webgunean.
Eskopetari izateko 16 urte izan behar dira gutxienez, eta 12urte txilibitoa jotzen ateratzeko. Figurante izateko ez dago adin mugarik, edo edonor izan daiteke kartutxo banatzaile edo konpainietako bandera eramaile.
Bakarrik 50 eskopetari
Aurten 50 eskopetari aterako dira bakarrik, lege aldaketa baten ondorioz salba armak besterik ezingo direlako erabili, eta udalak kopuru hori besterik ez duelako. 2023ko uztailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen arma erregelamenduaren azken aldaketaren arabera, Legazpin egiten den alardean ezin dira erabili ehizarako armak, eta bakarrik alarma eta seinale armak, salba eta hots armak eta erabilezin geratu diren armak erabili. Azken horiek, gainera, aldez aurretik erregistratuta egon beharko dira Oñatiko Guardia Zibilaren armen interbentzioan.
Aldaketa horren aurrean, udalak erosi ditu arma berriak, baina ez dira garaiz iritsiko ekainaren 23ko ekitaldirako, eta horregatik, orain arte zituen 50 salbazko 50 armak besterik ezin izango dira erabili. Hurrengo urterako arazoa konponduta egongo da, beste 25-30 arma gehiago izango dituelako.
Aurtengo 50 eskopetarien muga ikusita, aurreko edizioetan atera direnek izango dute lehentasuna, urte gehien egin dituztenek, hain zuzen.