CAFek 23 milioi irabazi ditu martxora arte, iaz baino %16 gehiago
Beasaingo multinazionalak 23 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen zatian. Mila milioi eurotik gorako salmentak izan dituzte eta %6 igo dira iazko datuekin alderatuta
CAFek 23 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen hiruhilekoan. %16ko igoera izan du iazko alde berdinarekin alderatuta.
Zergen aurreko emaitzak ere bilakaera positiboa izan du (+%15) finantza-emaitzaren hobekuntzagatik. «Horrek agerian uzten du finantza-kostuari eutsi zaiola alde batetik, eta diruzaintzako soberakinen kudeaketa positiboa, bestetik», kontatu du multinazional beasaindarrak ohar bidez.
Salmentak, bestalde, %6 igo dira hiruhilekoan, 1.008 milioira iritsi arte. 2023ko urtarrila eta martxoa bitartean 952 milioi eurotakoa izan zen.
Segmentuen arabera, Trenbide dibisioan diru-sarrerak %11 igo dira, 816 milioiraino; autobusetan, berriz, berea egin du: %10, zehazki. Halere, 192 milioiraino iritsi dira.
Eskari-zorroa pixka bat murriztu da (-%4), eskari gehiago entregatu direla lortu direnak baino. Halere, konpainiak azpimarratu du aurreikuspenak aldekoak direla ekitaldi osorako.
Trenbide-segmentuan, kontratazio nagusiak Qbuzzerako (Herbehereak) aldiriko trenen hornidurari buruzkoak dira; hainbat geografiatan eta seinaleztapen-sistematan mantentze-kontratuak berritzeari buruzkoak.
Aurreikuspei eutsi die
Autobusetan, zero emisioko autobusen (autobus elektrikoak eta hidrogenozkoak) kontratazio altua nabarmendu du, kontratatutako autobus guztien %91 izan baita.
EBITa salmentak baino gehiago hazi da (+%9), eta errentagarritasunak gora egin du pixka bat, 47 milioi eurotan kokatuz, aurreko 43 milioietatik.
Horren guztiaren ondorioz, CAFek 2024rako hazkunde-, errentagarritasun-, kutxa- eta jasangarritasun-aurreikuspenei eutsi die.