Puntadaz puntada harremanak sendotuz
Kaleko Jostunen 10. Eguna ospatuko dute ekainean Ormaiztegin. Herriko jostun eta ehuleak elkartzeko aitzakia da ekimena. Lorez osatutako estalki bat egingo dute elkarrekin. Dagoeneko hasita daude lanean.
Ehuntzea eta jostea pertsonen arteko loturak sendotu eta komunitatea sortzeko baliagarriak direla frogatzeko jarri zuen abian Danielle Landes kanadarrak Kalean Ehuntzeko Nazioarteko Eguna 2005ean. Ordutik, asko dira mundu mailan ekaineko bigarren larunbatean espazio publikoak bere egiten dituzten jostun eta ehuleak. Ormaiztegin, aurten ere bat egingo dute ekimenarekin, Kaleko Jostunen 10. Egunean. Hasi dira dagoeneko elkartzen, aurtengo sorkuntza lana elkarrekin ehuntzeko.
Hamar urte igaro dira dagoeneko, Ormaiztegin praktika honen inguruan biltzen hasi zirenetik. Urte hauetan guztietan hainbat sormen lan egin eta ezagutzak partekatzeko aukera izan dute kalean, elkarrekin. Aurten, lorez osatutako estalki bat egitea da asmoa, «eskuz ehunduta eta lore mordoxka bat elkartuta», antolatzaileek esan dutenez. Estalkia gizarte etxeko sabaia apaintzeko baliatuko dute. Ekimena Ormaiztegiko Ekain Kulturalaren egitarauaren barruan antolatu dute.
Azken emaitza ekainaren 4an aurkeztuko duten arren, hasi dira dagoeneko Ormaiztegiko jostunak biltzen. Astearte arratsaldean jubilatuen elkartean bildu ziren adin ezberdinetako hainbat emakume loreak josten hasteko. Hala egingo dute maiatza guztian zehar, asteartetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara. Loreak etxean egitea nahiago duenak ere izango du horretarako aukera.
Aurkezpena ekainean
Taldetxoa abian da jada, eta whatsapp talde bat ere sortu dute «komunikazioa errazteko». Taldera batu nahi duenak 688 657 455 telefonora idatzi eta sarrera eskatzea besterik ez du egin behar. Taldeko bi kidek hartu dute guztientzako hariak erosteko ardura eta erretiratuen etxean utziko dituzte, «behar den neurrian hartzeko». Loreak egiteko, hirugarren zenbakiko kakorratza erabili behar da.
Behin loreak eginda, elkarren arten lotu eta estalkiari azken apainduak jartzen laguntzeko haur eta gaztetxoei ere deia luzatu diete. Maiatzaren 28an eta 29an egin dute horretarako hitzordua, 17:00etatik 19:00etara, arbolarian. Maiatzaren 30erako aurreikusi dute estalkiaren instalazioa gizarte etxean. Jendaurreko aurkezpena ekainaren 4an egingo dute, elkarrekin josiz gauza handiak egin daitezkeela frogatzeko.