Paella eta mozorroak, festarako osagaiak Legorretan
Giro eguzkitsua eta festarako gogoa, eta bazkaltzeko, paella. Mozorro eguna dute gaur Legorretan. 40. Paella txapelketan 17 talde aurkeztu dira, eta epaimahaiaren iritziz Txiribi taldeak egin du goxoena.
Larunbatean ospatu ohi dute Legorretako Azintzio jaietan mozorro eguna, aurten Herrialdeak gaitzat hartuta. Bavariarrak, mexikarrak, zeelandaberritarrak, egiptoarrak, sevillarrak… bazter askotako mozorroak ikusteko aukera izan da gaur eguerdian, baita bere kabuz mozorrotuta zebiltzan taldeak ere.
Txakolin dastaketarekin eman diote hasiera egunari, eta tarte horretan hasi dira lagun taldeak lehiaketarako eta bazkarirako paellak prestatzen. Hamazazpi taldek parte hartu dute denera, eta epaimahaiaren iritziz Txiribi taldeak egin du paellarik onena. Bigarren sariak mexikarrak taldeak jaso du, hirugarrena Ezereza eta Jakin zak! taldeak eta laugarrena Ospe taldeak. Epaimahaiak paellen maila “oso ona” izan dela nabarmendu du. 40. txapelketa izan da aurtengoa.
Arratsaldean, mozorro desfilea
18:30ean mozorroen desfilea egingo dute plazan, eta gauean, 22:30ean, Akerbeltz taldearekin erromeria dute.
Bihar bukatuko dira Legorretako Azintzio jaiak, 20:30ean egingo dute pikuaren ehorzketarekin.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga