Pello Irizarri gorazarre Beasaingo danborradan
Haurren eta helduen danborradek bat egiten duten unean, aurten hil den musikari eta konpositoreak haren anaiari eskainitako 'Martintxo' pieza jo dute Loinazko San Martin plazan. Irizarren senideei ere esker ona adierazi diete.
Beasaingo Loinatz jaietako une gorenetako bat gaur arratsaldean bizi izan da. Haurren danborradak ibilbidea osatu duenean plazan zeuden zain helduen danborradakoak, eta han, denek elkarrekin, aurtengo urtarrilean hil den Pello Irizar musikari eta konpositoreari gorazarre egin diote, hark anaiari eskainitako Martintxo pieza joz. Aurrez beste hiru pieza jo dituzte: Gau bilera, Kote polka eta San Martin de Loinazko ereserkia.
Pello Irizarren senideek, Leire Artola alkateak eta Mariola Pascual zinegotziak Loinazko San Martin plazako kioskotik jarraitu dute emanaldia. Bai danborradaren antolatzaileek bai udalak haien esker ona adierazi nahi izan diete senideei, eta plaka eta lore-sorta bat eman diete opari.
Irati Otamendi ilobak hartu du hitza familiaren izenean, eta eskerrak eman dizkie plazan bildutako denei. Artola alkateak gogorarazi du Irizarrek konposatutako eta egokitutako 10 pieza udalari dohaintzan eman dizkiola familiak. Orain bi urte plaza horretan bertan omendu zuten Pello Irizar.
Helduen danborrada pergoletan
Haurren danborrada Urbialde plazatik abiatu da 17:30ean Koskola txarangak lagunduta, eta 18:45ak aldera, haurren eta helduen danborradak Koskola txarangarekin, Goizeresi txistulari taldearekin, Beasaingo Loinatz udal musika bandarekin eta Ekaitz erraldoi eta buruhandien konpartsarakin bildu dira Loinazko San Martin plazan.
Orduantxe zerua ilun zegoen, eta trumoi eta tximista artean jo behar izan dituzte danbor eta upelak. Behin omenaldi ekitaldia bukatuta, helduen danborrada Gernikako pasealekuko frontoian egin dute euria ari zuelako.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga