Belaunaldi desberdinetako sukaldarien topaketa egingo dute Legazpin ekainaren 1ean
Hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta lehiaketa formatuan egingo da. Parte hartzeko izena eman behar da Gizarte Zentroan hilaren 22rako. Arroza prestatu beharko dute partaideek.
Legazpiko belaunaldien arteko hirugarren topaketa gastronomikoa ekainaren 1ean egingo da Buztintegi elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta, eta izenak emateko epea irekita dago hilaren 22ra arte. Topaketa lehiaketa formatuan egingo da, eta partaideek arroza prestatu beharko dute.
Prestatze lanak Azokan egingo dituzte partaideek, eta Gizarte Zentroan emango dituzte dastatzera platerak ondoren, talde irabazlea zein den jakinarazi ondoren. Taldean parte hartu beharko da lehiaketan, eta hiru kidekoak izango dira gehienez, belaunaldi desberdinekoak hiruak, eta bat, derrigorrez, emakumezkoa. Epaimahaia ere belaunaldi artekoa izango da, eta prestatutako plateraren originaltasuna eta itxura, taldeko giroa eta garbitasuna izango dute kontuan. Talde bakoitzak 30 euro jasoko ditu erosketak egiteko, hau da, 250 gramo arroz eta bestelako osagaiak.
Topaketan parte hartzeko izena eman behar da aurretik, eta hilaren 22ra arteko epea izango da horretarako. Gizarte Zentrora joan behar da 09:00etatik 11:00etara edo udaletxera. LegazpiOn aplikazioan edo udalaren www.legazpi.eus webgunean ere eman daiteke izena.
Iazko lehiaketa Alazne Leachek, Asun Arrizabalagak eta Juanjo Zubillagak prestatutako arroz esneak irabazi zuen.