Gipuzkoako parke naturalen egunak antolatu ditu aldundiak
Gipuzkoako lau parke naturaletatik bi Goierrin daude. Ekainaren 2an Aizkorri-Aratzen egingo dute ospakizuna, eta ekainaren 16an Aralarren.
“Harmonian eta lurralde-oreka berdea bermatuz Gure ingurunea ezagutu, maitatu eta zaintzea da” Gipuzkoako Parke Naturalen egunen helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du, eta Gipuzkoako Parke Naturalen sarea osatzen duten lau udalerrirekin lankidetzan garatu da. “Ekimenak ingurune natural horrek eskaintzen duen aberastasuna herritarrei ezagutaraztea bilatzen du, jasangarritasunaren alderdi hirukoitza –soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa–, kontuan hartuta”.
Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Parke Naturalen eguna Donostian, foru jauregian. Xabier Arruti Lurralde Oreka berdeko diputatuak, Koldobide Olabide Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, eta Ataun, Zegama, Aia eta Oiartzungo alkateek hartu dute parte aurkezpenean, besteak beste.
Lau egun, bi Goierrin
Lau data zehaztu dituzte Gipuzkoako Parke Naturalen eguna ospatzeko.
- Maiatzak 26, igandea: Aiako Harria (Oieleku, Oiartzun)
- Ekainak 2, igandea: Aizkorri-Aratz (Garagartza, Arabako eta Gipuzkoako Partzuegoa)
- Ekainak 8, larunbata: Pagoeta (Iturrarangaña, Aia)
- Ekainak 16, igandea: Aralar (Esnaurreta-Pikueta, Enirio-Aralarko Mankomunitatea)
Ospakizuna egiten den egunetan ezin izango da eremura ibilgailu partikularrarekin hurbildu, baimenik ezean. Gipuzkoako Foru Aldundiak doako autobus zerbitzua jarri du parte hartu nahi duen pertsona ororen eskura. Izango den autobus zerbitzu horri buruzko informazio gehiago eta bera erabili ahal izateko izen emateari buruzko informazioa gipuzkoanatura.eus webgunean izango da eskuragarri ospakizunaren aurreko astetik aurrera.
Zuzenean nahi dutenek, honakoak dira oinez ibilbidea egiteko elkartzeko puntuak:
- Aiako-Harria: Kausoro, Uzpuru, Karrika Auzoa.
- Aizkorri-Aratz: Otsaurte
- Pagoeta: Aiako plaza
- Aralar: Lizarrusti
Gipuzkoako azaleraren %15 lau parkeetan
Xabier Arrutik diputatuak aurkezpenean adierazi duenez, Gipuzkoako azaleraren % 15 gure lau parke naturalei dagokie: Aizkorri-Aratz, Aiako-Harria, Aralar eta Pagoeta. “Gure biodibertsitatea zaintzeari, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera bultzatzeari eta gure aisialdiaz gozatzeari dagokionez, garrantzi estrategikoa duten lau bitxi dira”.
Haren hitzetan, “parke natural horiek jasangarritasunari dagokionez harmonia perfektua irudikatzen dute”. Horrela, “ingurune honetan nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera eta basa-bizitzak elkarri mesede egiten” diotela azaldu du, eta horrek, aldi berean, “gipuzkoarraren ongizaterako eta aisialdi osasungarrirako giro egokia, segurua eta osasuntsua izatea” dakarrela.
Egun horietarako antolatutako jardueren helburua “natur parkeek kontserbazio naturalaren eta jarduera sozioekonomikoaren ikuspegitik duten potentziala erakustea” dela nabarmendu du Arrutik, eta, aldi berean, “gure ingurunearen zaintzan kontzientzia sortzea”.
Arrutik nabarmendu du “ekintza honekin harago joan nahi” dutela: “Ingurumenaren zaintza eta lehen sektoreak garatzen duen jarduera txanpon beraren bi aldeak direla erakutsi nahi dugu: lurralde oreka berdearena. Gure baserritarrek egunero egiten dituzten lanek gure basoak eta gure ingurune naturala zaintzen dituzte. Era berean, larreak irekitzearekin batera, urtero, 44.000 abelburu igotzen dira gure larreetara, haien jarduerak ingurua garbitzea eta ongarritzea bermatzen du, landaretza sukoia murrizten du eta baso-suteak izateko arriskua prebenitzen du”.
Antzeko egitura lau egunetan
Egun horien formatua antzekoa izango da lau kasuetako bakoitzean. Hasiera batean, parte-hartzaileak parke natural bakoitzaren barruan ezarritako topagune batean bilduko dira, handik gainerako jarduerak egingo diren gunera joan ahal izateko.
Programatutako ekintzen artean, abereen eta artaldeen funtzionamendua eta zaintza azaltzeko saioak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basabizi basa-fauna berreskuratzeko zentroan zonaldeko biodibertsitatea zaintzeari dagokionez egiten ari diren lanaren azalpenak nabarmentzen dira.
Parte hartzaileek palankarien erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izango dute. Euskal Herriko kirol hori metalezko barra bat (palanka) ahalik eta urrutien jaurtitzean datza. “XVIII. eta XIX. mendeetan oso hedatua zegoen gure lurraldean”.
Migel Zeberiok zuzendutako Et Incarnatus taldearen musikarekin amaituko da egitaraua, eta saio bakoitzean errepertorioa aldatuko du. Egun horretan inguruko gazta dastatu eta erosteko aukera ere egongo da.