Giro bikaina areto futbol, pala eta pilota txapelketen finaletan
Zulo kuadrilla izan da irabazlea areto futbol txapelketan, Klaudia Colmenero eta Alba Arraiza pala txapelketan, eta Arkaitz Goikoetxea eta Xabier Olano eskuz binakakoan. Bideoak albistean.
Loinatz jaietan murgilduta daude beasaindarrak. Gaur, kuadrillen eguna, kuadrillen arteko areto futbol txapelketaren, emakumezkoen pala txapelketaren eta eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatu dituzte. Giroa bikaina izan da hiru txapelketetako finaletan. Jende ugari inguratu da animatzera.
Azkeneko minutura arte
Areto futbol txapelketaren finalean, Zulo eta Bonbo izan dira aurrez aurre, eta emozioa izan da nagusia azkeneko minutura arte. 2-2 berdinduta iritsi dira partidaren ia amaiera arte, baina azkeneko minutuetan penalti bana egin dute. Zuloren aldekoa izan da lehena, eta markagailuan aurrea hartzeko balio izan die. Hurrengo jokaldian, partida amaitzeko segundo gutxiren faltan izan da Bonboren aldeko penaltia. Berdinketa egiteko aukera izan dute, baina ez dute baloia zutoin artean sartzea lortu. 3-2 emaitzarekin, aurtengo garailea beraz, Zulo kuadrilla izan da.
Pala eta pilota txapelketak
Bitartean, emakumezkoen lehenengo pala txapelketaren finala jokatzen hasita zeuden Gernika pasealekuko pilotalekuan. Maddi Aiestaranek eta Leire Otamendik, Klaudia Colmeneroren eta Alba Arraizaren aurka jokatu dute, eta bigarrenak izan dira txapeldunak. 22-5 izan da emaitza.
Eskuz binakako pilota txapelketaren finalean, berriz, Arkaitz Goikoetxea eta Xabier Olano gailendu dira. 22-6 irabazi diete Iñaki Urdangarin eta Beñat Verdugori.