Legazpiarrak herriko zertaz dauden harro jakin nahi du udalak
Hurrengo urteko egutegirako irudi bila dabil, eta galdetegi bat zabaldu du herritarren artean. Legazpiz «harro egoteko hamabi arrazoi» bildu nahi ditu.
Legazpiko Udala hasi da prestatzen hurrengo urteko udal egutegia, eta 2025eko hamabi hilabeteetako irudiak aukeratzeko herritarren laguntza eskatu du. Legazpi herriaz harro izenburupean, galdetegi bat zabaldu du herritarren artean www.legazpi.eus webgunean, legazpiarrak herriko zertaz dauden harro jakiteko, Horrela, Legazpiz «harro egoteko hamabi arrazoi» bildu eta horiekin osatuko du hurrengo urteko egutegia.
«Denok ditugu Legazpi gure herriaz harro egoteko arrazoiak: txoko berezi bat, sentimendu bat, festa bat, gure inguruko zerbait zehatza…» diote udal ordezkariek herritarren iritzia eskatzeko, eta gainerakoekin partekatzera animatzeko: «Anima zaitez eta konta iezaguzu Legazpi herriaz harro egoteko zure arrazoia!».
Galdetegian parte hartzeko izena, abizenak eta NAN zenbakia eman beharko dira, eta ikasleen kasuan, ikasturtea eta ikastetxea gehitu beharko dira. Hilaren 31ra arteko epea dago galdetegia betetzeko. Galdetegia on line bete daiteke, baina udaletxeko harreran ere badago.
Legazpiar bakoitzak hiru ekarpen egin ahal izango ditu, eta udalak iradokizun guztiak jasoko ditu. Gehien errepikatzen direnak aukeratuko dituzte ondoren, egutegirako.