Marrubiak eta pintxoak San Isidro ospatzeko
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak pintxoak banatu ditu saltzaileen artean, baserritarren eguna ospatzeko. Berritasun gutxiko garaia bada ere, tarteka agertzen dira batzuk, marrubiak bezala. Ziza ugari ere izan dira gaur.
Gaur San Isidro da, baserritarren zaindariaren eguna, eta Ordiziako ferian izan du oihartzuna horrek, udalak plazako saltzaileekin ospatu nahi izan duelako. Hala, egiten duten lana eskertzeko, Pottoka tabernan egindako pintxoak banatu dizkie guztiei Adur Ezenarro alkateak. Gustura asko hartu dute oparia postuetan goizean goizetik lanean ari zirenek.
Saltzaileak bezala, erosle batzuk ere goiztiarrak izaten dira, eta horietako asko produktu berrien zaleak dira, gainera, Roberto Ruiz sukaldaria bezala. Urteko lehen marrubiak iritsi dira feriara, baina ia ikusi ere ez dira egin, lehen orduetan eraman dituztelako bai aurreko asteazkenean, bai gaur bertan ere. Aramako Zurutuza ahizpek eta Patxi Arizmendik izan dituzte salgai, kiloa 6 eta 10 euroan eta, esan bezala, estimazio handia izan dute.
Zurutuzatarren postuan, marrubiak bezalako fruta eta era askotako barazkiak izaten dituzte salgai, baina baita loreak ere. Gaur peoniekin osatutako sortak jarri dituzte salgai, 5 euroan bakoitzak. Kala zuriak eta arrosa gorriak ere bazituzten salgai.
Marrubiak bezala, gustuko produktua da, baita ere, Legazpiko Maite Iturbek egiten duen arto opila. Neguko produktua da berez hori, baina bezeroek eskatu diotelako, aurten luzatu egin du denboraldia. Gaur oraindik salgai zuen, kiloa 6 euroan, baina hurrengo neguko hotzak iritsi arte azken aldia izan dela esan du okinak.
Goiz zaleak izaten dira, batia ere, baratzerako landareak erostera joaten direnak. Gaur ez da aurreko astean bezalako ilararik sortu plazako hiru landare saltzaileen postuetan, baina mugimendu handia izan da. Tomatea, piperra, leka, tipula, uraza, kuia, kuiatxoa, luzokerra, berenjena… aukera zabala dago udari begira. Gaur aza kizkurra gehitu da eskaintzara: Montesek zuen, bakoitza 0,15 euroan.
300 kilo ziza
Udaberriko zizak ere estimatzen dituzte erosleek, eta gaur izan dute zer erosi, Lasa, Barcina eta Barandiaranen artean 300 kilo jarri dituztelako salgai, aurtengo kopururik handiena. Kiloa 15 eta 50 euro artean jarri dute. Bestela, 95 kilo onddo (18-33 euro) eta 23 kilo ziza hori (20-26 euro) ere eskaini dituzte, baita boilur beltzak ere (200 euroan kiloa Lasak, eta 10, 15 eta 20 euroan alea Barcinak).
Barcinak, bere aldetik, barraskiloak baditu oraindik, bizirik, kiloa 11 euroan. Pinaziak ere baditu eskaintzan, kiloa 35 euroan, baita baratxuri basatia ere, kiloa 19,5 euroan.
Eta Mikel Lasa emozionatuta zebilen gaur bere postuan, perretxikoz eta gaztaz inguratuta, eta larunbatean ohorezko kofradiakide izendatuko duelako Idiazabal Gaztaren Kofradiak, Ordiziako udaletxean egingo duen ekitaldian.