Legazpiko KZgunetik 80 herritar igaro dira Mugi txartela egiteko edo berritzeko
Udalak sustatutako esperientzia pilotua izan da Gipuzkoan, eta honen ondotik Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko zentroak ere hasi dira tramite horiek egiten. Azahara Dominguez diputatua Legazpiko zerbitzua ezagutzen izan da.
Apirilaren 15etik Mugi garraio txartelaren inguruko tramiteak Legazpiko KZgunean egiteko aukera zabaldu zenetik, 80 herritar igaro dira zerbitzu horretatik bertako langileen laguntzarekin Mugi txartela ateratzera edo berritzera. Legazpiko Udalak bultzatutako esperientzia pilotua izan da herritarren eskura jartzea KZgunea Mugiren tramiteak egiteko, eta astean zehar zerbitzu berri hori ezagutzen izan dira bertan bisitan Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zuzendari Eluska Renedo-Illarregirekin eta Legazpiko Garraio Publikoko zinegotzi Oscar Valbuenarekin batera.
Legazpikoaren atzetik, Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko zentroak ere hasi dira Mugiren tramitazio zerbitzua eskaintzen.
Mugi garraio txartelaren inguruko tramiteak KZguneko langileen laguntzarekin egiteko, hitzordua eskatu behar da aurretik, Kultur Etxean duen gunera joanda edo 943 02 36 63 telefonora zenbakira deitua. Web orrian ere eskatu daiteke txanda: https://www.kzgunea.eus/eu/aldez-aurreko-hitzordua.
Legazpiko KZgunea 09:00etatik 13:00etara dago zabalik maiatzean, uztailean, urrian eta abenduan, eta 16:00etatik 20:00etara ekainean, irailean eta azaroan; abuztuan itxita egongo da.
Txartela kargatzeko puntuak
Mugi kargatzeko, berriz, honako puntu hauek daude Legazpin: Apatxo liburu denda, tren geltokia, eta Kutxabankek Kale Nagusian eta Laubiden dituen bi kutxazainak. Kutxabankeko bezero izatea ez da derrigorrezkoa, eta txartela kargatzeagatik ez dute komisiorik kobratzen. Webgunean ere kargatu daiteke txartela: www.mugi.eus.