Monica Melkova da organo zikloko igandeko gonbidatua
Legazpiko parrokian kontzertua egingo du igandean, 19:00etan. Publikoak organoa barrutik ezagutzeko aukera izango du.
Monica Melkova musikaria izango da Legazpiko organo zikloko hurrengo gonbidatua. Zikloko bigarren kontzertuan joko du, igandean, 19:00etan, parrokian. Sarrera doan izango da.
Eslovakian 1974an jaioa da, eta bertan bost urte zituela organoa eta pianoa ikasten hasi zenetik, ez da geratu. Vienan (Austria) eta Lyonen (Frantzia) ikasitakoa da, besteak beste, eta hainbat beka eta sari irabazitakoa da. Nazioarte mailan kontzertuak ematen ditu, eta irakasle ere bada. 2006tik Inprobisazioa irakasten du Donostiako Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolan.
Organoa barrutik
Organo ziklo honek berezitasun bat du, aurten lehenengo aldiz parrokiko bigarren koruan dagoen musika tresnaren barruko hauspoak, tutuak eta gainerako mekanismoa ikusteko aukera duelako publikoak.
Zikloaren hirugarren eta azken kontzertua hilaren 26an izango da, eta Juan de la Rubiak joko du. Aurtengo hirugarren organista eta zikloa joan den igandean ireki zuena Juan Perea izan da.