Izadi Zaleak Norabide Galduan ibiliko da asteburuan
Taldean egiteko orientazio proba bat da irteeraren ardatza. Larunbat goizean irtenda, igandean itzuliko dira mendizaleak, gaua aterpe batean igarota. Bihar eman daiteke izena, elkartean bertan.
Legazpiko Izadi Zaleak mendi elkartearen hurrengo irteera asteburu honetan izango da, hilaren 25ean eta 26an. La Perdida edo Norabide Galdua izenarekin ezagutzen dute elkarteko kideek, eta oso kuttuna da horien artean. Taldeka egiteko orientazio proba bat izango du ardatz. Antolatzaileek ez dute jakinarazi non izango den, baina Cid Campeadorren lurraldean izango dela aurreratu dute.
Irteera larunbateko 07:00etan izango da, Industrialdetik, eta gaua aterpe batean igaroko dute. Parte hartzeko izena eman behar da, eta bihar da horretarako eguna, 18:30etik 19:30era. Prezioa 70 euro da, eta pentsio erdia dago horren barruan sartuta.