Energiaren festa egingo dute Legazpiko ikasleek herritarrak sentsibilizatzeko asmoz
Eskolako Agenda 2030aren baitan landu dute energiaren gaia, eta udaletxean izan dira lanketaren berri ematen. Herri barruko mugikortasuna eta energia berriztagarriak izango dira ekainaren 7an egingo duten festaren ardatzak.
Energiaren gaia lantzen jarraitzen dute Eskolako Agenda 30 proiektuaren baitan Domingo Agirre, Olazabal eta Haztegi ikastetxeetako ikasleek ikasturte honetan ere. Haien ordezkariak udaletxean izan ziren joan den astean, Eric Galvez alkateari eta Oscar Valbuena garapen iraunkorreko zinegotziari egindako lanketaren berri emateko.
Aurreko ikasturtean udalerriaren egoerari buruzko diagnostikoa egin zuten, eta energiaren ekoizpenean eta erabilera jasangarrian legazpiarrak sentsibilizatzeko premia nabarmendu zuten. Ildo horri jarraituz, ikasturte honetan mugikortasun jasangarriari buruzko informazioa prestatu dute, eta herriko energia berriztagarrien eta energia komunitateen egoera aztertu dute.
Lan horren guztiaren emaitza herritar guztiei erakutsiko diete ekainaren 7an egin nahi duten Energiaren festan.
Energiaren festa
Sentsibilizazioan oinarrituko da Energiaren festa, eta, besteak beste, herrian leku batetik bestera oinez joateko eskatuko diete herritarrei, eta energia berriztagarriak erabiltzeko gonbita luzatuko diete. Panelak eta esku orriak izango dira euskarriak.