Gabiriako gereziondoetatik Ordiziako feriara zuzen-zuzenean
Oñatibi Txiki baserriko Jose Antonio Elosegik gaur hasi du gerezien salmenta denboraldia. Ziza eskaintza handia izan da gaur, guztira 410 kilo jarri dituztelako salgai, baina perretxikoetan gorringoa izan da berritasuna.
Huescako eta Jerteko (Espainia) gereziak duela aste batzuk iritsi ziren, baina bertakoek ere badute dagoeneko tokia Ordiziako ferian. Aurten ere Gabiriatik ekarri dituzte, zuzen-zuenean Oñatibi Txikiko gereziondotik bildu eta gero. Jose Antonio Elosegik gorriz jantzi du gaur goizean Plaza Nagusiko bazter batean jarri duen postua, baita jendez bete ere, fruta estimatu horren atzetik joandako bezero asko izan dituelako. Kiloa 6 euroan izan salgai, eta saldu, azkar saldu ditu eramandako kaxa guztiak.
Hurrengo asteetan ere oraindik izango dituela esan zuen, eta aurrerago sagarrak ere eramango dituela. Izan ere, orain gereziekin bakarrik badabil ere, sagarra da gabiriar honen produktu izarra, eta horren denboraldiaren arabera moldatzen du, baita ere, salmenta denboraldia ferian. Ondo bidean, gereziekin udaberrian hasi, eta hurrengo urteko otsaila inguruan amaituko du feriako jarduna.
Gorringoa eta 410 kilo ziza
Berritasun gehiago ere izan dira, eta atal mikologikoak eman du horietako bat, gorringoa edo Amanita Caesarea ere heldu delako. Mikel Lasak jarri ditu salgai perretxiko preziatu horien hamar kilo, kiloa 34 euroan.
Horiez gain, izan dira askoz ere perretxiko gehiago salgai, eta aipagarria izan da ziza eskaintza, guztira 410 kilo jarri dituztelako mahai gainean Lasak berak, Barcinak eta Barandiaranek, kiloa 15 eta 34 euro artean. Ziza horiak ere izan dituzte, 20 kilo (24 euroan kiloa), baita 80 kilo onddo (18-33 euro) eta boilurrak ere (200 euro).
Kuiatxoak ere aipatu behar dira produktu berrien artean. Duela aste pare bat Jose Mari Uzinek aurkeztu zituen lehenak, negutegikoak, tomate denboraldia hasi zuenean, baina zabaltzen ari da horien eskaintza. Gaur, Aramako Patxi Arizmendik ere bazituen salgai, negutegikoak horiek ere. Kuiatxoaren kiloaren prezioa 2,5 eta 2,75 euroan izan da gaur.
Bestela, feria nahiko jendetsua izan dela ere esan behar da, landareak erostera joanda asko ibili delako gaur ere, eta hainbat bisitari talde ere bai: Okondoko (Araba) eta Bilboko Otxarkoaga auzoko jubilatuak, eta hainbat ikasle ere bai.