Txusma Perez Azazetak Euskal Herriko 60 tontor ederrenak jaso ditu liburuan
Sua Edizioak argitaletxearekin kaleratu du azken lan hori, eta salgai dago dagoeneko. Txindoki eta Aratz bezalako «ezinbesteko» mendiak jaso ditu, baina hain ezagunak ez direnak ere bai.
Txusma Perez Azazeta mendizale legazpiarrak Euskal Herriko mendi tontor ederrenetara egindako txangoekin osatu du bere azken lana. Sua Edizioak argitaletxearekin kaleratu du liburua, eta Ascensiones a las montañas mas bellas (Mendi ederrenetara igoerak) du izenburua. Euskal Herria bildumako 63. alea da.
Perez Azazetak azaldu duenez, argitalpenak izenburu «oso erakargarria» du. Liburuan «60 tontor lirain, itzel, nahasezin eta silueta zorrotzeko aurkitu daitezke, lehen begiradan zirrara eragin eta txunditzen duten gailurrak guztiak!».
Legazpiko mendizale adituarenak dira testuak, eta argazki asko Ramon Portilla alpinista madrildarrarenak. Bestetik, Juanma Sotillosek hitzaurrea idatzi du, eta Maribel Armendariz legazpiarrak beste testu bat egin du sarrerarako.
Ezinbestekoak, eta ezezagunagoak
Modu subjektiboan aukeratutako tontorrak dira liburuan sartu dituenak, beti ere «edertasuna irizpide hartuta». Euskal Herri osoko mendiak dira, eta zerrendan «Orhi, Anboto, Aratz, Txindoki edo Iparla bezalako ezinbestekoak» daude, baina baita «hain ezagunak ez direnak» ere, «Soratxipi, Soila edo Pagazelai», esate baterako.
«Oinak itsasoan dituen mendi batetik, Pirinioetako bi milakoetara» doa Perez Azazetak tontor ederrenenetan zehar proposatutako ibilbidea.