Bihar banatuko dituzte Nikolas Lekuona argazki lehiaketako sariak
Jose Venegas Flores legazpiarrak lortu du lehenengo saria, 'El ruso' lanarekin. Bigarren izan da Andres Indurain Gutierrez irundarra 'Requiem 2' lanarekin, eta hirugarrena Iñaki Hidalgo Ezenarro ordiziarra 'Zikaiak/ Punzones' lanarekin. Erakusketa ikusgai izango da ekainaren 14ra arte.
Ordiziako Ortzadar argazkilari elkarteak antolatutako XIII. Nikolas Lekuona argazkilaritza lehiaketak baditu irabazleak, eta bihar, 19:00etan banatuko dituzte sariak Barrenako erakusketa gelan. Jose Venegas Flores legazpiarrak lortu du lehenengo saria, El ruso lanarekin. Bigarren izan da Andres Indurain Gutierrez irundarra Requiem 2 lanarekin, eta hirugarrena Iñaki Hidalgo Ezenarro ordiziarra Zikaiak/ Punzones lanarekin. Herriko saria, berriz, Joxemi Romero Barco ordiziarrarentzat izan da, Tampoco lanarengatik. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak eta herrikoak ehuna euro.
Epaimahaia Jose Miguel Diaz Oveja Errioxako Argazkilaritza Federazioko presidenteordeak, Julian Gil Garcia Legazpiko Ikatza argazkilaritza elkarteko kideak eta Xavier Garcia Vaquero Errioxako Argazkilaritza Federazioko presidenteak osatu dute. Lehiaketara aurkeztutako lanen kalitateagatik, erabakia hartzea asko kostatu zaiela azpimarratu dute epaimahaikideek.
XIII. Nikolas Lekuona argazki lehiaketako finalisten argazkiekin osatutako erakusketa ikusgai dago ekainaren 14ra arte, Barrenan, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 19:00etara.