Bustuntza taldearen urteroko juntadizoa
Ordiziako lagunarteko futbol txapelketa jokatzeko 1983an sortutako Bustuntza taldeko kideek harremana mantentzen dute oraindik ere. 2013az geroztik, urtero elkartzen dira. Bihar, dute hitzordua.
Ordiziako kuadrillen arteko futbol txapelketaren harira osatutako taldea da Bustuntza. 1983an sortu zuten futbol taldea Buztuntza auzoan, Argi Berri elkartearen inguruan. Bospasei urtetan aritu ziren futbolean, sukaldari, botillero eta laguntzaileekin. Harremana ez dute eten oraindik, eta 2013az geroztik, urtero (pandemia garaian izan ezik) elkartzen dira maiatzean. Bihar, dute aurtengo hitzordua.
Ernesto Briz, Rafa Hernandez, Anjel Caballero, Manuel Gorospe, Dimas Irastorza, Txomin Garmendia, Patxi Alonso, Miguel Anjel Gil, Patxi Garmendia, Patxi Tapia, Agustin Aierbe, Emilio Hernandez, Nazario Maiza, Jesus Trabazos, Jose Antonio Lariz, Roke Garcia, Patxi Calvillo, Nemesio Alonso, Rufino Arriaga, Jesus M. Irastorza eta Ramon Anjel Hernandezek osatzen zuten Bustuntza futbol taldea. «Gaur egun bederatzi falta dira», gogoratu ditu Patxi Calvillok falta diren lagunak.
«Futbol talde handia zen. Sukaldaria, botilleroa… ere bageneuzkan»
Patxi Calvillo. (Bustuntza)
«Futbol talde handia zen. Sukaldaria, botilleroa… ere bageneuzkan. Bakoitzak bere eginkizuna zuen. Ondo antolatuta geunden». Futbolean zer moduz moldatzen ziren galdetuta, «urte batean aurrera joan ginen, final erdia jokatu genuen. Gu besteak baino zaharragoak ginen», erantzun du.
Futbolaren aitzakian, momentu goxo ugari bizi izan dituzte. 2013az geroztik, urtero egiten dute egun pasa bat. Bihar dute hitzordua. «Ohitura onak ez dira galdu behar. Giro polita daukagu, istorioak gogoratzeko… polita izaten da. Elkartean bakarrik egoteko eguna aukeratzen dugu».
Egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan Argi Berri elkartean elkartu eta hamaiketakoa egingo dute lehenik. Ondoren, poteoa auzoko tabernetan eta 14:30ean bazkaria elkartean. Deialdiko egitarauak zehazten duenez, «solasaldia, kantua, txisteak, pasadizoak, argazki erakusketa eta oroitzapenak» izango dituzte bazkalondorenean. Hori dena, alkandora txuria eta pajarita jantzita.