Hilaren 30era arte eman daiteke izena armen alardean parte hartzeko
Eskopetari, txilibitero edo figurante gisa atera daiteke. Txilibiteroek hasi dituzte entseguak, eta astelehen arratsaldeetan izango dira, musika eskolan. San Joan suko dantzak ikasteko saioak ere hasi dira.
San Joan bezperan Legazpin egiten den armen alardean parte hartzeko izena emateko epea hilaren 30era arte dago zabalik. Alardean eskopetari, txilibitero edo figurante gisa atera nahi dutenek Kultur Etxeko sarrerara joan beharko dute, edo www.legazpi.eus webgunean sartu.
Eskopetari izateko 16 urte izan behar dira gutxienez, eta 12 urte txilibitoa jotzen ateratzeko. Figurante izateko ez dago adin mugarik, edo edonor izan daiteke kartutxo banatzaile edo konpainietako bandera eramaile.
Txilibiteroen entseguak aste honetan hasi dira, astelehenean, eta aurrerantzean ere astelehenetan izango dira, Doinua Musika eskolan, 19:30ean. Txilibitoa jotzeko musika jakitea ez da beharrezkoa.
San Joan suko dantzak
Armen alardea arratsaldean egingo da San Joan bezperan, ekainaren 23an, eta iluntzean, ohiko sua piztuko da plazan. Horren inguruan, dantza ekitaldia izaten da, eta Sustraiak taldeak martxan jarri du dagoeneko dantza horiek ikasteko ikastaroa. Saioak taldearen lokalean izango dira, Kultur Etxe ondoan, asteazkenetan, 20:15ean. Ikastaro irekia eta doakoa da