Legorretan eta Altzagan galtzada hobetzeko eta bide-segurtasuna handitzeko lanak egingo ditu aldundiak
Legorretan, herrigunea zeharkatzen duen GI-2131 errepidean eskaripeko bi semaforo eta segurtasuneko elementuak jarriko dira. Altzaga eta Arama artean, berriz, GI-3871 bidea hobetzeko lanak egingo dira hainbat puntutan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua, Maria Ubarretxena, Legorretan eta Altzagan izan da gaur, bi herriek errepideei dagokienean dituzten beharrak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Era berean, datozen hilabeteetan egingo diren inbertsioen berri ere eman die alkateei.
Eskaripeko semaforo berriak Legorretan
Legorretan Herrigunea zeharkatzen duen GI-2131 errepidean eskaripeko bi semaforo eta oinezkoak babesteko baranda jarriko dituzte. Lan hauetaz gain, Maria Ubarretxenak aurreratu du “Legorretako Kale Nagusitik errepide honetara doan Aldapa Haundi kaleko irteera hobetzeko moldaketak ere egingo direla, udalarekin hala adostuta. Hala, herri irteeran ezkerretarako bira debekatu egingo da eta biribilgunean eman beharko da buelta nahi eta ez”. Guztira 22.218,97 euroko diru laguntza emango du aldundiak, proiektu osoaren (31.741,38 euro) % 70a.
Arama-Altzaga artean
Altzagan, berriz, GI-3871 errepidean hobekuntza lanak egiteko proiektua aurkeztu du Maria Ubarretxena diputatuak. Lan nagusia, “500 metroko tarte baten trazatuaren leuntzea izango da. Tarte bihurgunetsu honetako 3,50 m-ko zabalerako galtzadak 5 m-ko zabalera izango du lanak gauzatu eta gero. Horri esker, errepideak berak gaitasuna handituko du trafikoak hobeto antolatu ahalko da, ikuspena hobetuko da eta segurtasuna areagotuko da gurutzatzeetan”.
Bestalde, Arama eta Altzaga arteko bide horretako 2,305 eta 2,330 kilometro-puntuen artean, “mendi-hegalaren lerradura handi baten beheko aldea aurkitzen da, eta haren goiko aldea 3,200 kilometro-puntuaren parean dago; errepide horren eta Abaligoena baserrira igotzen den GI-4871 errepidearen arteko elkargunearen inguruan, hain zuzen. Lerradura horrek hobetuko den tarte honi eragiten dio, eta, beraz, beheko inguruari eusteko 3 harri-lubeta ere eraikitzea aurreikusten da.
Azkenik, zoruaren egungo egoerak zati osoa birgaitzea eskatzen du, eta, beraz, zati hori berritzea aurreikusten da, asfalto geruza bat zabalduz”.
Lan horien esleipena jada egina dagoela jakinarazi du Ubarretxenak, 458.187,55 euroko aurrekontuarekin eta lanak uztailean hasiko dira, 4 hilabeteko exekuzio epearekin.
Herri txikiei bultzada
Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduak legealdi honetarako helburuen artean udalerri txikietako azpiegiturei bultzada emateko finantzazioa areagotuko duela nabarmendu du Ubarretxenak, “inbertsio orokorrean egingo den gehikuntzarekin batera. 2024 urtean 615.000 euroko inbertsio orokorra egingo da eta honek “herri zein toki entitate txikiei baliabide gehiago eskaintzeko ahaleginari erantzuten dio”, diputatuak azaldu duenez. “Herri txikien eta landa eremuaren bizimodurako eta garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoak baitira azpiegitura hauek”.