Santikutz jaietako kale garbiketan "gabeziak" identifikatu ditu EH Bilduk
Zerbitzua hobetzeko eta "Legazpiko kaleak atseginagoak izateko" proposamen bat aurkeztuko du datozen asteetan udalean.
Legazpiko EH Bilduk “gabeziak” identifikatu ditu maiatzeko Santikutz jaietako kale garbiketan, eta zerbitzurako hobekuntzak proposatuko ditu aurrera begira. “Hiru aste pasa dira Santikutz jaiak amaitu zirenetik, baina oraindik nabarmenak dira honen arrastoak kaleetan, zikinkeria, lur likatsua, usaina…”. Santikutz jaiak iraun duten bitartean eta ondoren, kaleak ez direla “behar bezala garbitu” dio alderdiak, eta “hori nabarmena izan da batez ere, Aizkorri eta Plazaola kaleetako ataripeetan, lurrazpiko aparkalekuan edo Azoka gunean”. Herriguneko lorategiak “edalontziz eta botilaz beteta” asteak egon direla ere adierazi du.
EH Bilduren ustez, “udal gobernuaren aurreikuspen eta planifikazio falta” egon da kale garbiketan. “Jende pilaketak eta kale ekintzak daudenean garbiketa indartu eta planifikatu egin behar da. Horrez gain, langileek baliabide egokiak izan behar dituzte mota honetako garbiketak egiteko. Goizeko ekintzak hasten direnerako kaleak garbi egon behar dira, eta hori ez da horrela izan, oraindik ere zenbait gunetan oinak lurrera itsatsita geratzen dira”.
Kalean komun publikoak “apenas” jarri izana ere nabarmendu du, “Euskal Herria plazan egiten diren ekintzetan jende asko elkartzen da, izan kontzertu, bazkari edo herri danborradan, berdin txosna gunean edo Haztegik ikastolako atzeko frontoian egin den bazkarian”. Gune horietan komunak jartzea “ezinbestekoa” dela uste dute.
Gabezia horien guztien aurrean, datozen asteetan proposamen bat erregistratuko du udaletxean EH Bilduk “kale garbiketa zerbitzua hobetzeko eta Legazpiko kaleak atseginagoak izateko”.