Xaukena Azpeitian izango da bihar jotzen, Euskal Herriko elektrotxaranga lehiaketan
Legazpiko musikarien emanaldia 19:00etan hasiko da. Zazpi talde ari dira parte hartzen txapelketaren hirugarren edizio honetan.
Xaukena taldeak hitzordua du bihar Azpeitian, Euskal Herriko hirugarren Elektrotxaranga lehiaketarekin. 19:00etan hasiko da Legazpiko eta Urretxuko musikarien jarduna, herriko kaleetan. Ondoren, 20:30ean, Ostikada taldearen txanda izango da.
Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatutako txapelketa hau lau saiotan dago banatuta, eta maiatzean zehar ari da garatzen, larunbat arratsaldetan. Guztira zazpi partaide dira: hileko lehen larunbatean Elektrotxufla aritu zen, hilaren 11n, Game of Txaranga eta Hamarru, hilaren 18an Patxangoi eta Elektrokela eta txapelketa ixteko, bihar, Xaukena eta Ostikada.
Epaimahaiak ekainaren hasieran jakinaraziko du zein taldek irabazten duen. Irabazlearentzako saria 6.000 eurokoa da, eta Azpeitiko San Ignazio jaietan emanaldia eskaini beharko du. Epaimahaia Azpeitiko hainbat musikarik osatu dute, eta epaia irizpide hauen arabera emango dute: musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna. Ikusleek ere ematen dute bozka.
Aurreko bi edizioetako irabazleak Elektrofxufla eta Elektrokela izan dira.