Txiki geratu da Zegama, sutan dago Zegama
Jendetza ikaragarria dago Zegaman dagoeneko. Aparkalekuak furgonetaz beteta, eta gaur arratsaldean ibilgailuak Zeraingo bidegurutzeraino daude aparkatuta. Eskolako patioa sutan jarri dute Top Ten korrikalariek. Zalantzan dago Sara Alonsoren parte hartzea.
Txiki geratu da Zegama. Sutan dago Zegama. Ikaragarria da Zegaman bizi den giroa. Aparkalekuak furgonetaz beteta, autoak bide bazterrean aparkatuta Zeraingo bidegurutzeraino, plaza eta kaleak beteta… Mendi lasterkarien eta marken munduko hiriburua da une honetan Zegama.
Top Ten korrikalariak aurkezteko egin beharreko saiora joateko ilara luzea, eta eskolako patioa bero-bero. Txalo zaparrada eta oihuekin egin die ongi etorria korrikalariei. ELA gaixotasuna duen Jose Luis Capitain korrikalari ohi madrildarrak ere Zegamara bertaratutakoan babesa jaso du. Bihar lasterketa ikusten Sancti Spiritun izango da.
Iker Zubeldia alkateak aurkezpenean adierazi duen bezala, ikusleen kopurua errekorrekoa izango da bihar Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Antolatzaileen aginduak errespetatzeko eskatu die ikusleei.
Korrikalariek amaieran eman duten prentsaurrean jakinarzi dutenez, zalantzan dago Sara Alonsoren parte hartzea.
Aurten lehenengo aldiz, azoka, sagardo dastaketa eta herri kirolak antolatu ditu udalak iluntzerako.