Jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu dute Ordizian
Ordiziako Udalak ‘santanetako’ kartel lehiaketa antolatu du. 18 urtez azpikoentzat kategoria berria sortu dute aurten.
Santa Ana festak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Ordiziako Udalak. Hala ere, berrikuntza batekin dator lehiaketa, Manex Berzosa kultura zinegotziak prentsa aurrean jakinarazi duenez: «18 urtez azpiko kategoria bat ere sortu da, eta bertako marrazki irabazlea programaren barnean joango da. 100 euroko saria irabaziko du bonutan banatuta, herriko establezimenduetan gastatzeko». Dena den, helduen lehiaketako irabazlea izango da jaiak iragartzeko erabiliko den kartelaren irudia, eta etxebizitza guztietara banatuko den programaren azala. Helduek 500 euroko saria izango dute.
Oinarriak
Bi kasuetan ere, kartelaren irudiak Ordiziako Santa Ana jaiekin zerikusia izan beharko du, Santa Ana jaiak 2024 / Ordizia testuarekin lagunduta. Ordiziako logotipoa konposizioan integratuta eramango du. Ez da pertsonen aurkako edozein eratako errespetu falta erakusten duten jarrerarik onartuko. «Generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka baliatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin kultura eta sexu aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez».
Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituzte. Kartelak 60 cm.ko altuera eta 42 cm.ko zabalera izango dutenez, diseinua neurri horietan edo neurri horien proportzioan aurkeztu behar da da, jpg formatuan. Ekainaren 24a (12:00ak) izango da lanak aurkezteko azken eguna.
Lanak aurkezteko bideak
- Bertsio digitalean: Posta elektronikoz kultura@ordizia.eus helbidera bidali edo Udaleko Harrera Bulegoan (Udaletxean aurkeztu CD batean).
- Bertsio fisikoan: Udaletxeko Harrera Bulegoan, 08:00-13:30 ordutegian.