Luis Mari Nuñezen argazkiak ‘Bihotza begietan’
Ordiziako Muñoz tabernan, ‘Tomatelo con arte’ egitasmoaren barruan, Luis Mari Nuñezen ‘Bihotza begietan’ argazki erakusketa ikus daiteke ekainaren 2ra bitartean. 38 argazkiz osatutako bidaia proposatu du.
Luis Mari Nuñez. Betiko argazkilari bat, irudi errepikaezinak beren askatasuna kendu gabe harrapatzeko asmoz kamera gustura eramaten duten horietakoa» da Luis Mari Nuñez, Muñoz tabernako Koki Hernandez eta Luis Mari Ruizen iritziz. Bihotz begietan argazki erakusketak horixe islatzen du.
Ia 20 urte erakusketarik gabe egon ondoren, Muñoz tabernakoen gonbidapena onartu eta hainbeste urtean [14-15 urte zituenetik] ateratako «milioika» argazkietatik 38 argazkiko lagina jarria du Luis Mari Nuñezek Otegi Eneko Muñoz tabernako eta jangelako hormetan. «Nire bizitza aldatu egin da. Jubilatu artean pentsatzen nuen beste bizitzarik ez zegoela, baina bai, beste bizitza bat dago», hausnartu du argazkilariak.
Argazki makina digitalekin egindako argazkiak jarri ditu erakusketan. «1999. urtean erosi nuen lehen argazki makina digitala», gogoratu du Nuñezek. Goierrin eta Gipuzkoan barna bidaiatzeko proposamena aurkeztu du.
Gipuzkoako paisaietatik, kirol eta kultur ekitaldietatik bidaiatu du Nuñezek, egunez zein gauez, ilargipean zein eguzkipean. Txindokiren aurpegi desberdinak (Gaintzatik, Lazkaomenditik, Olaberritik…), Ordiziako zezen futbola, itsasoa, mendia, txirrindularitza, atletismoa, dantzak… istorio ugari biltzen ditu Nuñezen argazkietako bakoitzak. «Gogorra izan da aukeraketa. Ez genekien gai bat hartu, edo ezberdinak jarri… Azkenean denetik jarri dugu, kirola, festak, mendia, itsasoa…», argitu du Nuñezek. Gurasoei ere lekua egin die, argazkien istorioetan bidailagun izan direlako sarritan.
Bidaia
Margotu ere margotzen du Nuñezek. Ikatz-ziriz margotutako koadroekin ere eginak ditu erakusketak. «Beasainen egin nuen erakusketa Usurbe antzokian, 2003an. Argazkietatik marrazten dut, kopiatzailea izan gabe. Niretik jarrita. Beasaingo plaza eta eliza dauzkat, adibidez».
Argazki erakusketarekin gustura geratu da Nuñez, eta hurrengorako beste erakusketa bat ere badu buruan, ikatz-ziriz egindako margolanekin. Muñoz taberna izango da lekuko.













