Ostiralean hasiko da festa giroa Hegialden
Jaiak ekainaren 7an, 8an eta 9an ospatuko dira, baina hainbat ekintza aurreratu dituzte asteburu hobetara. Ostiralean rock musika, larunbatean goitibeherak eta igandean mendi bizikleta proba dituzte.
Hegialde hasi da jaietarako motorrak berotzen. Aurten ekainaren 7a, 8an eta 9an ospatuko dira Urtatza, San Joan, Laubide eta Ariztiaundi elkartzen dituen auzo multzoko festak, baina asteburu honetarako ere prestatu dituzte hainbat ekitaldi. Rock musika, goitibeherak eta mendi bizikleta ibilaldia izango dira aperitiboak.
Asteburuko lehen ekitaldia rock kontzertua da. Bihar egingo dute, 20:00etatik aurrera, eta bertan, Mala Ruina, RIP-ZEN, Stupid Fucking People eta DJ Chama izango dira jotzen eta musika jartzen. Laubideko kale nagusian izango dira emanaldiak, eta barra eta bokatak egongo dira.
Aurrerapen asteburuko beste bi ekitaldiek kirola dute ardatz. Larunbatean Legazpiko hamargarren goitibehera txapelketa egingo da, eta igandean, Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendi bizikleta ibilaldia.
Goitibeherak
Maldan Behera Inertzia Taldeak antolatuta, ekainaren 1ean jokatuko da Legazpiko Goitibeherak txapelketaren hamargarren edizioa. Arratsaldean izango da, 16:00etatik aurrera, Urtatzarreko parketik behera. Euskal Inertzia Koparako puntuagarria izango da.
Izena eman nahi dutenek www.euskalkopa.com/legazpi webgunean egin dezakete, baina egunean bertan ere, proba hasi aurretik egongo da horretarako aukera. Legazpiarrek ez dute ordaindu beharko, eta probarako Sputnik goitibeherak eskuragarri egongo dira.
Proba honen ondoren, Maldan Behera talde antolatzaileak atsedena hartuko du, hamar urteko lehen etapa honi amaiera emanez.
Ortiz de Luzuriaga gogoan
Ortiz de Luzuriagaren omenezko bizikleta ibilaldia igandean izango da. Aurtengoa 18. edizioa da, eta aurreko urtekoaren antzeko ibilaldia izango du Legazpiko mendietan zehar, 35 kilometroko luzerarekin eta 1.300 metroko desnibelarekin. Astean zehar ibili dira azken garbiketa lanak egiten auzotarrak, ibilbide hori prest egon dadin.
Txirrindulariak Laubidetik aterako dira 09:15ean. Aztiriara eta harrobira joango dira gero, Ortiz de Luzuriagaren oroimeneko monolitoa han dagoelako. Ondoren, Larrosain-Ormakio-Brinkolazar-Aierdi-Beain-urtegia-Amutxanda-Udanako bidegurutzea-Saletxe-Gorostiagarako bidea-Feliparen txabola ibilbidea egingo dute, eta handik, auzora buelta. Helmuga ere Laubiden egongo da. Probaren amaieran festa giroa izango da, barra eta musikarekin.
Aurten bigarren aldiz ireki dute izena internetez emateko aukera, eta epea amaituta, 100dik gora txirrindulari zeuden zenbatuta. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 08:00ak eta 09:00ak bitartean, irteera aurretik. Mendi bizikleta ibilaldi honek 200dik gora partaide izaten ditu.
Ibilaldi honen antolatzaileek ateratako ekipazioa enkargatu zutenek, bestalde, bihar eta etzi jaso ahal izango dute 18:00etatik 20:30era bitartean, bihar Maiatza tabernan, eta etzi ostirala, Lekanazpi elkartean.