Ataunen jokatuko da etzi Gipuzkoa Bertsotan-en azken lau saioetako bat
Bigarren itzuliko A multzoko saioa Herri Antzokian jokatuko da. Aratz Igartzabal eta Mikel Iturriotz goierritarrak ariko dira. Gipuzkoako Txapelketara sailkatzeko aukera irekita daukate kantatu duten askok.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketa asteburu honetako lau saioekin bukatuko da. Ataunen jokatuko da saio horietako bat, etzi 17:00etan, Herri Antzokian. A multzoko azken aurrekoa izango da, eta sei bertsolari ariko dira, horietatik bi goierritarrak: Andoitz Urdapilleta donostiarra, Aner Peritz Euzkitze zarauztarra, Aratz Igartzabal gabiriarra, Eneritz Artetxe azkoitiarra, Julen Zulaika zarauztarra eta Mikel Iturriotz urretxuarra. Irati Sachez de Arevalo zumarragarrak jarriko dizkie gaiak.
Sarreren salmenta bertsosarrerak.eus webgunetik bideratu du Bertsozale Elkarteak; atzo Ataungo udaletxean eta liburutegian ere jarri zituzten sarrera batzuk salgai.
Asteburuko beste jardunei dagokienez, larunbateko beste saioa Elgetan izango da, B multzokoa, goierritarrik gabe. Igandean, azkeneko biak Hernanin eta Soraluzen dira. Hernaniko Biteri kultur etxean hiru goierritarrek kantatuko dute (B multzoa): Maddi Aiestaran beasaindarrak, eta Maialen Akizu eta Uxue Fernandez urretxuarrek.
Soraluzeko Herri Antzokian, azkenik, Eneko Araiztegi segurarraren txanda izango da, igandean (A multzoa). Saio guztiak 17:00etan hasiko dira.
Goierritarrak, aukerekin
Bi multzoak batuta, 48 bertsolari ari dira bigarren itzulian parte hartzen, bi asteburuotan. Puntuazio oneneko 34 sailkatuko dira udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara. Bi itzulietako puntuak batuko dizkiete.
Lehengo asteburuan, Pasaian Gorka Maiz 4., German Urteaga 5. eta Antton Fernandez 6. geratu ziren. Alegian, Endika Igartzabalek bigarren postua lortu zuen, eta Ane Belokik laugarrena. Usurbilen, azkenik, June Aiestaran debutaria hirugarren sailkatu zen, eta Odei Lopez seigarren.
Bertsolarien erdiak oraindik kantatzeko eta puntuak batzeko dauden arren, goierritar ugari sailkatzeko ondo kokatuta daude. June Aiestaranek (636 puntu), Gorka Maizek (629), Endika Igartzabalek (627), Ane Belokik (614,5) eta German Urteagak (613,5) atea zabalik daukate.
- Eguna. Etzi, larunbata, ekainak 1.
- Ordua. 17:00etan.
- Tokia. Herri Antzokia.
- Sarrerak. bertsosarrerak.eus udaletxean edo liburutegian.
- Saioa. Sailkatzeko bigarren itzulikoa, A multzoa.
- Bertsolariak. Aratz Igartzabal (Gabiria, 1996), Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995), Andoitz Urdapilleta (Donostia, 1997), Aner Peritz ‘Euzkitze’ (Zarautz, 2002), Eneritz Artetxe (Azkoitia, 1990), Julen Zulaika (Zarautz, 1980).
- Gai jartzailea. Irati Sanchez de Arevalo zumarragarra.