Junior mailako Euskadiko txirrindulari txapelketa, etzi Zegaman
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 151 txirrindularik baieztatuta dute parte hartzea. Hiru aldiz igo beharko dute Lierniko gaina eta bitan Barbarikoa. Larunbatean, 15:30ean aterako da lasterketa Zegamako plazatik.
Zegamako Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatuta junior mailako Euskadiko Txapelketa jokatuko da larunbatean Zegaman. Elkartu Nahikoak txirrindulari lasterketak antolatzen zailduak diren arren, hau da Euskadi mailako proba bat Zegaman antolatzen duten lehendabiziko aldia, Oier Irastorza presidenteak esan duenez.
Euskadiko Txapelketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan federatuta dauden txirrindularientzako lasterketa da eta Zegaman, 151 txirrindularik baieztatu dute parte hartzea biharko. 87 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik eta 15:30ean emango diote hasiera lasterketari.
Boluntarioen beharra
Ibilbidea «gogorra» da Irastorzaren hitzetan. Hiru aldiz igo beharko dute Lierniko gaina eta bitan Barbarikoa. «Barbarira igoerak lanak emango dizkie txirrindulariei», esan du. Gainontzean, Zegamatik irten eta Segura, Idiazabal, Olaberria —Carrefour ingurua—, Ormaiztegi, Mutiloa, eta Zeraindik —kaskoan ez dira sartuko— pasatuko da lasterketa. Lehenengo txirrindulariak helmuga 17:41ean gurutzatzea aurreikusi dute.
Antolaketa lanetan buru belarri dabiltza eta boluntarioen beharra azpimarratu du Irastorzak. Gutxienez, «60 bat boluntario» behako dituzte. Hala, boluntario bezala lagundu nahi dutenei larunbatean, 14:30ean plazara gerturatzeko deia egin diete.