Ordiziako ikastetxeetako 460 haurrek parte hartu dute Oiangu Natur Eskolan
Udaberri honetan, zortzigarren urtez egin da Oiangu Natur Eskola. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortu zuen proiektu hau 2017an, eta, ordutik gaur arte Ordiziako Udalak finantzatzen du.
Apirila eta maiatzean zehar Ordiziako ikastetxeetako 460 haurrek parte hartu dute Oianguko Natur Eskolan. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortu zuen proiektu hau 2017an, eta, ordutik gaur arte Ordiziako Udalak finantzatzen du. Egitasmo horri esker, urtez urte, ikasleek Ordiziako naturari buruz ikasteko aukera paregabea dute Oiangu bezalako parke “aberats eta zabalean”. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak nabarmendu duenez, “kuttuna den proiektua da Oiangu Natur Eskola. Oiangu naturaz gozatzeko leku paregabea izateaz gain, naturan eta naturaz ikasteko ere baliagarria da. Onuragarria da naturarekin kontaktuan egotea, edozein adinetan. Arrakasta handia duen ekimena da, eta urtez urte apustu hori egiten jarraitzeko asmoa daukagu”.
Egiten diren ekintzak Oiangu Parkera eta bertako biodibertsitatera egokituta daude eta baso-eskoletako metodologia jarraitzen dute. “Egun hasieratik bukaerara arte asko zaintzen da komunikazioa, bai arauak transmititzeko garaian zein haurren motibazioa eta autoestimua sustatzeko garaian”.
Haur, irakasle eta hezitzaileak, oinez igotzen dira Oiangura. “Oinezko bidea aukera paregabea da egunean zehar landuko diren gaiak aipatzen hasi eta ikasleak motibatzen hasteko. Landareak, animaliak edo naturako formak aztertzen dira; naturarekin hartu-eman zuzena egotea bilatzen da beti. Jolas librerako denborak ere garrantzi handia du eta bestelako jostailurik eskaini gabe estimuluak naturan bertan topatzea sustatzen da. Eskola honetako ekintza guztiak talde lanean egiteko pentsatuta daude, aniztasuna zainduz eta ikasleen arteko laguntasuna eta kooperazioa indartuz”.
Egiteko modu honen helburu nagusia “haurrak naturan esperientzia positiboa” izatea da. Eta bide batez, “bizipen hau, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzen da. Izan ere, esperientzia positiboek ikasketa prozesuan laguntzen dutela badakigu. Metodologia honek, bertako inguru naturala ezagutzen, kokatzen, ingurua maitatzen eta ondorioz, errespetatzen lagunduko gaitu”.