Berdintasunaren aldeko futbol txapelketa antolatu du Goierri Gorrik
Bihar Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Ordiziako futbol zelaian jokatuko da. Bihar Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Ordiziako futbol zelaian jokatuko da. Igande goizean Irantzu Aizpururen omenezko txapelketa izango da Beasainen.
Berdintasunaren aldeko IV. Futbol txapelketa jokatuko da bihar Goierri Gorri klubak antolatuta. Infantil mailako txapelketa da, hamaikako modalitatean (talde bakoitzak 20 jokalari izango ditu gehienez.). Sailkapeneko partidak Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Ordiziako futbol zelaietan jokatuko dira goizean.
09:30ean, 10:00etan, 10:40ean, 11:10ean, 11:50ean eta 12:20an jokatuko dituzte goizeko kanporaketak. Partidak 30 minutukoak izango dira, atsedenik gabe. Nahi diren aldaketa guztiak egin ahal izango dituzte.
Beasainen, Igartza futbol zelaian, Intxaurdi, Goierri Gorri B, Goierri Gorri A eta Aitzondo Neskide taldeak neurtuko dira. Lazkaon, Arizti Haundi zelaian, Zarautz, Goierri Gorri C, Goierri Gorri E eta Añorga. Ordizian, Altamira estadioan, Real Sociedad, Goierri Gorri D, Lakua eta Tolosa. Eta Idiazabalen, Arizkorreta zelaian Goierri Gorri F.K., Bergara, Martutene eta Urola.
Finalerako sailkatzen ez diren taldeei goizean banatuko dizkie sariak. Partida bakoitzaren ondoren, berdinketa gertatuz gero, 3 penalti jaurtiko dira eta berdinketarik egonez gero, jaurtitzen jarraituko da desegin arte. Goizeko jardunaldia amaitu ondoren, 13:00etan, jokalari guztiek elkarrekin bazkalduko dute Ordiziako Beti Alai pilotalekuan.
Finalak Ordizian
Bigarren fasea Ordiziako Altamira estadioan jokatuko da arratsaldean. Multzo bakoitzeko lehenengo lau taldeek elkarren aurka jokatuko dute. 16:00etan, Lazkaoko eta Idiazabalgo lehenengo talde sailkatuak eta 16:40ean, Ordiziako eta Beasaingo lehenengo sailkatuak.
Larunbatean bakarrik ez, igandean ere Goierri Gorri klubeko taldeek topaketa izango dute Beasainen. Irantzu Aizpuru ataundar zena gogoratzeko bederatzigarren txapelketa jokatuko dute. Beasaingo Igartza eta Loinatz futbol zelaietan izango dira partidak, goizean goizetik.
Aurreko urteetan beste herri batzuetako taldeak gonbidatu izan badituzte ere, aurten, Goierri Gorriko taldeen artean egingo dituzte norgehiagokak. Larunbatean infantil mailako taldeek berdintasunaren aldeko txapelketa jokatuko dutenez, igandean, Goierri Gorriko gainerako maila guztietako taldeek jokatuko dute. Igartzan 09:30ean, benjaminak ariko dira, 10:00etan alebinak eta 11:00etan kadeteak.
Loinatz futbol zelaian, berriz, bi partida jokatuko dira. Batetik, 10:00etan, gorengoen mailako eta ohorezko kadete nesken artekoa; eta bestetik, 12:00etan, Goierri Gorriko ohorezko erregionaleko neskak Real Sociedad C taldearen aurka.