Giza-proba desafioa egingo dute Lakiola Haundik eta Muruk
Legazpiko bi baserrien inguruan bildutako taldeek egin dute hitzordua ekainaren 15erako. Haztegi ikastolako patioan izango da norgehiagoka, eguerdian. Errifak jarri dituzte salgai.
Lakiola Haundi eta Muru baserriek giza-proba desafioa egingo dute ekainaren 15ean, Haztegi ikastolako patioan. Hitzordua 12:30ean izango da, eta baserri banatik zortzi gizonezko ariko dira norgehiagoka. Taldeek 800 kilo inguruko harriari egin beharko diote tira, eta denbora zehatz batean plaza eta metro gehien egindakoak irabaziko du. Girorik ez da faltako.
Desafioa jarri dutenek zozketa bat ere antolatu dute egun horretarako, eta errifak salgai jarri dituzte Karibe Zaharra tabernan. Inguruko baserrietako produktuekin osatutako lote bat zozkatuko dute.