Xabier Arrondo udaleko kale garbitzailea jubilatu da
Legazpiko kaleak eta auzoak 46 urtez garbitu eta gero, Xabier Arrondok gaur bertan hartu du erretiroa. Kale garbitzaile inork izan nahi ez zuen garaian hasi zen lanbidean, 17 urte eskas zituenean.
Gaur, 2024ko maiatzaren 31n jubilatu da Xabier Arrondo Asurmendi (Zegama, 1960) kale garbitzailea. Lanbide hori inork nahi ez zuen garaian hasi zen Legazpiko kaleak garbitzen udalak kontratatuta, 17 urte zituenean, eta ia 46 urteren ondoren, erretiroa hartu du. Azken hilabetean ez du lanik egin, oporrak eta beste egun batzuk hartzeko zituelako, baina gaur da jubilazioaren egun ofiziala.
Zegaman jaioa, 10 urterekin etorri zen Legazpira, aitak San Martin auzoan fabrikako etxebizitza eskuratu zuenean. San Joanen eta Latxartegin ibili zen eskolan, «Nazionaletan» eta gero fraideetara joan zen. Zumarragako Legazpi eskoletara ere joan zen ofizioa ikastera, «baina ez nuen ikasteko gogo handirik», eta utzi egin zuen. Urte bete egon zen «ez ikasi ez lanik egin gabe», harik eta oraindik 18 urte betetzeko zituela, kale garbitzaile lanetan hasi zen arte.
Langabezia handia
Arrondok gogoratzen duenez, «langabezia handia zegoen garai haietan», eta egoera hari aurre egiteko, herrian batzorde bat sortu zuten 18-20 urte inguruko langabetuk. «Lantokiz lantoki eta udaletxeetara joaten ginen, lanik ote zegoen galdetzeko». Hala, Legazpiko udaletxean izan zirenean, Prudentzio Larrañaga alkateak kale garbitzaile eta udaltzain lanpostu bana eskaini zien. Arrondok oraindik 18 urte ez zituenez, ezin izan zuen udaltzain postua hartu, «hura Alberto Maiztegirentzat izan zen», baina bai kale garbitzailearena. Maiztegi 1978ko uztailaren 1ean hasi zen, eta Arrondo uztailaren 14an, «aitari bihotzekoa eman zion egun haietan, eta gauzak lasaitu arte itxoiteko aukera eman zidaten».
Orduan «oso gaizki ikusita zegoen barrendero izatea», eta denetik entzun zuen hasi zenean, «baina nik nirea egin, eta ausardiarekin, aurrera egin nuen». Etxeko egoera ekonomikoa ez zen oso ona gainera, eta «han, jornaltxoa zegoela, etxean lagundu behar nuela pentsatu nuen». Orduan funtzionario edo udal langile izatea ez zen gaur bezala baloratzen, eta jendeak nahiago zuen lantegi batean lan egin.
Kaleak garbitzen 46 urte
«Karro zahar bat, erratz handi bat…» ziren orduko bere lan tresnak, eta zereginak, kaleak garbitzea baino gehiago: «Angel Aztiriari laguntzen nion mendian, Muñozi argiekin, Morori brigadan… Horrela ibili nintzen urte batzuetan». Gero, kaleak garbitzen ibili zen bakarrik. Herria lau gunetan banatuta dago, eta hasieran San Ignazio, San Martin eta Itxaropen inguruan ibili zen, baina gero, erdigunean: Nagusia, Nafarroa, Plazaola, Azoka eta plaza.
Udalak enpresa pribatu bat kontratatu zuen 1992 inguruan, eta harekin lau urte egin zituen Arrondok, gero berriz ere udalera itzuliz. Zerbitzua «modernizatu» egin zen, enpresarekin makinak sartu zirelako, lan egiteko modua aldatuz, eta erraztuz. «Guk erratzarekin eta haize makinarekin jarraitu genuen, baina zikinkeria makinak jasotzeko prestatzen genuen batez ere. Gure lana asko erraztu zen horrela». Baina kale garbitzaileen lana ez da erratza pasatzea bakarrik, «saretak garbitu behar ditugu, bazterretako belarrak kendu, paretetako kartelak kendu…».
«Jendea kale garbiketaren inguruan ez dago erabat kontzientziatuta, kanpaina batzuk egin dira aldatzeko, baina ez da lortu, kaleek zikin jarraitzen dute».
Lanean 46 urte egin ditu, «beti gustura». Neguak udak baino «okerragoak» direla dio, «nik beroari hobeto egiten diot aurre hotzari baino». Udazkenak, berriz, lan handienekoak dira, «hostoak gora eta hostoak behera». Jaietako garbiketa lanak ere batzuetan ez dira gozoak izaten, «makinak iritsi baino lehen, bost-sei lagun ibiltzen ginen zikin eta lan asko zegoelako, eta gainera, gaupasan zebiltzanak behin baino gehiagotan etortzen zitzaizkigun enbarazu egitera». Jendea kale garbiketaren inguruan ez dagoela «erabat kontzientziatuta» ere esaten du, «kanpaina batzuk egin dira aldatzeko, baina ez da lortu, kaleek zikin jarraitzen dute».
Zazpi alkate eta dozenaka zinegotzi ezagutu ditu, eta lankide ugari: «Jose eta Guillermo Garcia, Nicolas Fragoso, Esteban Ribera, Antonio Kortaberria, Yolanda Gomez, Rufino Telleria, Jesus Angel Otxoa eta Lourdes Lazkanoiturburu. Udaleko beste lankideak ere ez ditu ahaztuko, horien artean garai batean Inauterietan lanera mozorrotuta joateko ohitura zutenak, «ni ibilita nago mojaz edo kosakoz jantzita kaleak garbitzen».««««
Orain, Nagusilanen
Hilabetea darama lanik egin gabe, eta «pentsatzen nuena baino hobeto nago, goizean lanerako jaiki behar ez izatea liberazio bat izan da». Orain, denbora gehiago izango du boluntario lanekin jarraitzeko. Urteak daramatza Nagusilan elkartean, eta horri dedikatuko dio orain duen indarra eta denbora librea, duela gutxi izan duen bilobak uzten badio. Izadi Zaleak elkarteari ere eskainiko dio tarte bat, kolaboratzaileen artean dagoelako.
Aurretik ere egin du makina bat boluntario lan Arrondok. Gazte-gaztea zela Ilintxa futbol elkarteko lehendakaria izan zen, eta aurrerago, bere alabetako batek futbolean jokatzen zuenean, haren taldeko ordezkaria ere izan zen. Legazpiko igeriketa klubeko zuzendaritza taldeko kidea ere izan zen hainbat urtetan.













