«Musika ekoizle bat artistek uzten dioten lekuraino sartzen da proiektu batean»
Soziologia ikasten hasi bazen ere, ikasketak utzi, eta musikari eman zion denbora gehien Kaki Arkarazo musika teknikari eta ekoizleak. Horretan dabil gaur egun ere, Andoaingo Garate estudioan.
Kazetaria Andoaingo Garate baserrira iritsi orduko atera da barnean zen zakurra ongietorria ematera, zaunkaka. Haren atzetik atera da Kaki Arkarazo musikari eta ekoizlea (Lazkao, 1961). «Sartu, sartu», esan du. «Justu kantu bat egiten ari nintzen». Bertan du estudioa, eta horixe du lanleku azken 24 urteetan. Betaurrekoak jarri, aldean duen baxua esku artean hartu, eta aurrean dituen notei jarraikiz, kantua grabatzen segitu du. Ehunka artista pasatu dira estudio horretatik, eta asko eta asko egonaldiak eginak dira, diskoak grabatzeko.
Zer lan egiten du musika ekoizle batek?
Oso lan zabala da. Kontsumitzaileen gustura egiten den lan bat da, azken finean. Askotan, taldeak dena eginda ekartzen du hona, artista askok eskarmentua baitu kontu teknikoetan ere, eta, beraz, soinua fintzera eta dakartenari kolorea ematera etortzen dira hona. Beste asko aholku eske etortzen dira gehiago, eta konponketetan eskua sartzeko eskatzen didate: zer instrumentu sartzea komeniko litzatekeen, zein ez… Lan handia dago horretan. Musika ekoizle artistikoaren lana, tradizioz, taldearen proiektuaren barruan sartzea izan da, ez soilik teknikari lanak egitea. Elkarrekin lan egiten zuten bi pertsona desberdin izaten ziren ekoizlea eta teknikaria, eta teknikaria beti izan da ekoizlearen konfiantzazko pertsona bat.
Zer alde dago bien artean?
Teknikaria arduratzen da, adibidez, taldea estudioan grabatzen ari den kantuaren soinua fintzeaz, ahalik eta ondoen aditu dadin. Produktoreak bestelako lanak egiten ditu: musikan sartzen da, esku hartzen du, konponketak egiten ditu eta kantei nortasuna ematen die. Horretarako oso ohikoa da aurreprodukzioa egitea. Ni, adibidez, Galizian egon nintzen azaroan lau egunez, Loita Amada taldearen azken lanaren —Rematou o simulacro— aurreprodukzioan. Taldeak aldez aurretik bidaltzen du diskoaren maketa, eta behin maketa edukita, kantuen eskemak egiten ditut nik. Kantuaren estrukturan zer aldaketa egingo nituzkeen esaten diet, edo akorderen bat aldatzea proposatu. Loita Amadaren kasuan, tronboia eta tronpeta oso ondo jotzen duten bi emakumezko daude, eta haien soinuentzako konponketak asmatzen pasatu nuen denbora gehien. Azken batean, musika ekoizle bat artistek uzten dioten lekuraino sartzen da proiektu batean.
Noraino utzi dizute sartzen zuri?
Kortatun sartu nintzenean Kolpez Kolpe diskoa ekoiztera, Ferminek [Muguruza] esaten zidan diskoari ukitu berritzaile bat eman nahi ziotela. Ezagutzen ninduten, M-ak taldearen oso zaleak zirelako. Orduan, haien senide batzuek Aiako Harriaren inguruan zuten txabola batera joan ginen probak-eta egitera. Gitarrarekin joan nintzen. Horregatik, After-Boltxebike, Denboraren menpe eta disko horretako beste kantu batzuen gitarra nirea da. Baina Berri Txarrak-en diskoak grabatu ditugunean, adibidez, apenas sartu dudan eskurik musikan. Soinua lortzeko anplifikadoreen erabileran lagundu izan dut, baina gainerako lana taldekideek egin dute. Gorkak [Urbizu] gitarra guztiak grabatu zituen bere kasa; nik ez diot esango Gorkari nola jo behar den gitarra… Orduan, talde edo artista bakoitzak eskatu izan dit nigandik behar zuena. Hori da produkzio lana.
Noiz hasi zinen lan horretan?
1984an, gutxi gorabehera. Musika teknikari lanetan hasi nintzen, [Angel] Katarainekin, IZ estudioan. M-ak taldearen lehenengo diskoa grabatu genuen orduan. Esperimentu bat izan zen, eta gauza asko ikasi genituen IZn. Anje Duhalderen disko batzuk ere han grabatu genituen, adibidez. Gogoratzen naiz Bakezaleak diskoa grabatu behar genuenean, Anje Duhaldek azken momentuan esan zidala gitarra jotzailea ezingo zela etorri, eta, beraz, nik jotzeko. Horregatik, disko horretako gitarra guztiak nik sartu nituen. Orduan hasi nintzen ekoizle lanetan. Neure kabuz ikasi nuen musika ekoizten.
Soziologia ikasi zenuen zuk.
Bai, Bilbon. Unibertsitate garaian ez neukan lanbide bat lortzeko premiarik, oso gazte hasi bainintzen lanean. Irakaslea nintzen ordurako, euskara irakaslea. Beraz, baneukan soldata, eta nik ordaintzen nituen nire ikasketak. Kuriositatez hasi nintzen Soziologia ikasten, eta gustatu ere gustatzen zitzaidan, oso ideologizatuta baikeunden orduan. Oso politikoak ginen, eta kontzientziatuta geunden. Horregatik, Soziologia zen ikasi behar nuena; halere, sekulako dezepzioa izan zen niretzat.
Zergatik?
Lehenengo urtean oso-oso interesgarria egin zitzaidan, gizartea eraldatzeko tresna bat zela esaten baitziguten. Baina bigarren urtean esan ziguten ezetz, gizartea bere horretan mantentzeko arma bat zela soziologia eta gizartearen iturginak zirela soziologoak. Orduantxe erabaki nuen ez nuela horretan denbora galduko. Hondarribiko barnetegi batean hasi nintzen lanean, euskara irakasten; besteak beste, Anjel Valdesekin, Hasier Etxeberriarekin eta Josu Iztuetarekin batera. Txikitako lagun Kataraini deitu nion, eta han bertan muntatu nuen nire estudioa. Piano bat erosi nuen lehenik, gero bateria bat, nahaste mahai bat, magnetofono bat… Ordurako buruan neukan musikari eskaini nahi niola denbora. Garai horretan sortu berria zen EITB, eta [Joxe Mari] Oterminek deitu zidan Euskadi Irratitik.
Zertarako?
Hasiera horretan ez zegoelako inor gauza horiek euskaraz egingo zituenik. Dena asmatu behar zen. Oterminek proposatu zidan musika aurkezteko saio baten aurkezle aritzea, eta Kafe-Pop saioan aritu nintzen aurkezle. Dena batera etorri zen: Euskadi Irratiko saioa, M-ak taldea, IZ estudioa… Estresa sortu zitzaidan hainbeste gauzarekin, saltsa guztietan nengoen, eta deseroso sentiarazten ninduen horrek. Zirt edo zart egin behar izan nuen, eta bide bat aukeratu.
Elkarrizketa osoa Gipuzkoa.hitza.eus webgunean irakur daiteke.